Gizartea -
Gipuzkoa
Hilketa bezala ikertzen ari da Ertzaintza lau urteko mutikoaren heriotza Azpeitian
Susmagarri nagusia mutikoaren ama da. Emakumea Donostiako Ospitalera eraman dute, dirudienez, bere buruari egindako zauriengatik artatzeko.
eitb.eus
Ertzaintza hilketa bezala ikertzen ari da Azpeitian (Gipuzkoa) hilda topatu duten lau urteko mutikoaren heriotza.
EiTBk jakin ahal izan duenez, umea itota hil zen eta, dirudienez, bainuontzian aurkitu zuen amamak.
Ikerketen arabera, krimenaren susmagarri nagusia ama da. Emakumea Donostia Ospitalera eraman dute, bere buruari eragindako zauriak artatzeko. Amak depresioaren aurkako sendagaiak hartu ohi ditu.
Larrialdietako zerbitzuek 18:00ak aldera jaso zuten atzo, asteartea, abisua, baina etxera bertaratutako kideek ezin izan zuten ezer egin umearen bizitza salbatzeko.
Gaur bertan espero dute ikertzaileek autopsiaren emaitzak jasotzea, umea nola hil zen zehatz-mehatz jakiteko.
Udalaren oharra gertatutakoaren aurrean
Azpeitiko Udalak bere babesa eta elkartasuna adierazi dizkio umearen familiari eta gertukoei. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi duenez, "denentzat oso momentu gogorra da", eta baliabide tekniko eta humano guztiak familiaren esku jarriak dituzte "momentu latz hauetan ahalik eta babesik handiena sentitu dezaten".
Era berean, "Udalaren izenean, familiaren izenean eta Karmelo Etxegaraiko zuzendaritzaren izenean" errespetua eskatu du: "Utz ditzagun alde batera espekulazio eta zurrumurruak momentu gogor hauetan inori ez diotelako onik egiten, kalte baizik. Saia gaitezen denon artean familiari ahalik eta babesik eta laguntzarik handiena eskaintzen".
Gai honen inguruko zehaztasun gehiago, ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoriako albistegietan, baita eitb.eus-en ere.