Gizartea -
Ostiralean gertatu zen
Kartzelara bidali dute Tenerifen emakume bati lepoa moztu zion gaztea
28 urteko mutila goizean eraman dute kartzelara hilketa delitua egotzita; ustez emakume britainiar bati burua moztu zion eta ondoren burua eskuetan hartuta ibili zen kalean zehar.
Erredakzioa
Aronako Epaiteko epaileak 28 urteko gaztea fidantzarik gabe behin behinean kartzelatzeko agindua eman du, hilketa delitua egotzita; ostiralean Tenerife hegoaldeko emakume britainiar bati ustez lepoa moztu zion.
Deyan Valentinov Deyanov ostiralean atxilotu zuten. 10:30ak aldera Valdés Center zentro komertzialean produktu txinatarrak saltzen dituzten denda batera sartu zen Los Cristianosen (Aronan), Tenerife Hegoaldean, eta denda barruan zegoen 60 urteko emakume britainiar bati lepoa moztu zion.
Ondoren, ustezko erasotzailea dendatik atera zen eta paseoan ibili zen burua eskuetan zuela. Atxilotzeko unean, gainera, segurtasun zaintzaile batekin borrokan ari zen, ihes egiteko asmoarekin, antza. Aurrez ere atxilotu izan dute kalte eta lesio delituak egotzita.
Lehen ikerketen arabera, biktimak eta erasotzaileak ez zuten inolako harremanik.