Gizartea -
Indarkeria matxista
Bilbo Feminista Saretzen kolektiboak biktimentzako babes handiagoa eskatu du
"Behingoz errealitate sozial jasangaitz honen erroetara zuzendutako neurri zorrotzak" eskatzeari utziko ez diotela iragarri du kolektiboak.
Agentziak | Erredakzioa
Sexu-erasoen biktimentzako babes handiagoa eskatu die Bilboko mugimendu feministak erakundeei. Iragan ostegunean 18 urteko neska bilbotar batek Etxebarria parkean talde bortxaketa jasan zuela gogorarazi dute. Bi gizon espetxeratu eta beste lau atxilotuak libre utzi dituzte, karguekin.
"Aske geratzen diren bortxatzaile eta erasotzaileekin kokoteraino gaude, biktimentzako zein gainerako emakumeentzako mehatxu bat direlako. Zigorrak, bidegabe, areagotzea edo errugabetasun-presuntzioa urratzerik ez dugu nahi, baina gauza bakoitzari izenetik deitzeko ("Ez da abusua, bortxaketa da") eta biktimen sinesgarritasuna zalantzan ez jartzeko", adierazi du Bilbo Feminista Saretzen kolektiboak ohar batean.
Gainera, "justizia" eta kaletik "libre" ibili ahal izatea eskatu dute, baita prebentzioan sakontzen duen "erantzukizun politikoa" ere.
"Zigorrek eta neurri polizialek ez dute balio, ez baldin badira hezkuntza eta prebentzio neurriekin laguntzen, arreta gaizkileetan jarriz; eta nagusi den eredu maskulinoa aldatu beharra dago, emakumeak objektu gisa tratatzen gaituelako. Aski da! Bortxaketaren kultura legitimatzen jarraitzeari utzi, sexualki gauza bihurtuz, kaleko jazarpenarekin, biktima zalantzan jarriz, gizonen sexu-grina gure eskubideen gainetik jartzen dituzten jarrerak normalizatuz!", salatu dute.
Horregatik guztiagatik, "behingoz errealitate sozial jasangaitz honen erroetara zuzendutako neurri zorrotzak" eskatzeari utziko ez diotela iragarri du kolektiboak.
"Gizartean nagusi den matxismo eta misoginiaren aurka egin behar da jatorritik. Deitoratzen bururaino gaude. Eraso baten biktima, bortxatu edo hildako gehiagorik ez dugu nahi", azpimarratu dute.
Bestalde, festen aurrean Ertzaintzak abiatutako kanpaina kritikatu dute. Kolektibo feministaren ahotan, "emakumeak jomugan jartzen eta askatasunak mugatzen jarraitzen dute".
"Indarkeria matxistari ikuspuntu misogino batetik heltzen jarraituz gero, emakumeei errua botatzen jarraitzen dute, eta, ondorioz, erasotzaileak justifikatuz eta babestuz", salatu dute.