Gizartea -

Elizaren legedi berria

Sexu abusuen kasuak artatzeko protokoloa sortzeko eskatu du Vatikanoak

Elizgizonek adingabeei egindako sexu abusuen kasuak artatzeko gida bat bidali behar izango dute gotzain-batzarrek Vatikanora urtebeteko epean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

William Levada kardinala Fedearen Irakaskuntzarako Kongregazioaren Prefektuak jakitera eman duenez, Vatikanoak gotzain-batzarrei eskatu die, gutun baten bitartez, elizgizonek adingabeei egindako sexu abusuen kasuak artatzeko protokoloa sortzeko. Gida hauek 2012ko maiatza baino lehen izan beharko dituzte prest.

Behin Vatikanoak dokumentu hura jasota, aztertuko dute Benedicto XVI Aita Santuak ezarritako arau berriak (''Sacramentorum sanctitatis tutela'' izenburupean bildutakoak) errespetatzen dituen. 2010eko maiatzean argitaratutako legedi berriak akusatuen aurkako zigorrak gogortu zituen eta 10 urtetik 20 urtera igo zuen delitu bat zigorrik gabe geratzeko epea.

Levada kardinalak gogoratu duenez, sexu abusuen delitua egotzi ohi dioten apaiz bati elizako legedi berriak aurreikusten dituen neurriak ezarriko zaizkio tartean, "bere lanaren betekizunean muga ezartzea edo behintzat, adingabeekiko harremana mugatzea". Elizako legearen arabera, zigorrik handiena "dimisioa" litzateke.

Halaber, "biktimei laguntza eskaintzea, akusatua ere errespetuz artatzea eta pertsonen pribatutasuna eta ospea gordetzearen garrantzia" azpimarratu du. Zentzu honetan, "herrialde bakoitzeko legedi zibila aintzat hartu" behar dela gaineratu du.

Kardinalak gutun horren bidez adierazi duenez, "biktimen testigantzak entzuteko eta izpiritualki eta psikologikoki laguntza emateko prest egon behar gara". Gainera, Benedicto XVI bere bidaietan zehar "sexu erasoen biktimen lekukotasunak entzuteko prest egotean" emandako eredua azpimarratu du. Levadaren hitzetan, salaketa jarri duen pertsona "errespetatzea garrantzitsua" da. Halaber, "salatutako apaizak, salaketa jartzen duen lagunaren izena ez ezagutzeko eskubidea aldarrikatu dezake biktimak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea