Gizartea -
DONOTIA
'Baietzik gabe, ezetz da!' izango da eraso sexisten aurkako kanpaina Donostian
Alkateak errespetua funtsezkoa dela gogorarazi du Aste Nagusiari begira, "errespetu gabe ez dagoelako bizikidetzarik".
EITB.EUS
Donostiako Udalak indarkeria sexistarik gabeko jai aste bat izatearen aldeko deia egin du. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak zer ekintza eta baliabide indartuko diren zehaztu dute, Aste Nagusia emakumeenganako inolako erasorik gabe igaro dadin.
Aste Nagusia "lasaia, alaia eta parte-hartzailea izatea, eta inoren askatasuna urratua ez izatea" eskatu dio Eneko Goiak "gizarte osoari".
Alkateak errespetua funtsezkoa dela gogorarazi du Aste Nagusiari begira, "errespeturik gabe ez dagoelako bizikidetzarik".
Bestalde, Duñike Agirrezabalagak nabarmendu duenez, "egun hauetan, alarma duten gertaerak izan dira. Aste honetan bertan Bilbon eta Donostian izandako bortxaketak erabat gaitzesgarriak dira, eta horrelakorik ez gertatzeko ahalegin handiagoa egitera behartzen gaituzte. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko jaiak nahi ditugu. Beharrezkoa den guztietan berretsi behar dugu baietzik gabe ezetz dela".
Aste Nagusiaren aurreko egunetan, eraso sexisten aurkako leloa daraman jaietako zapia banatzen ari dira hainbat tokitan: 'Baietzik gabe, ezetz da!'.
Gainera, Aste Nagusiko egun guztietan, kanpadenda bat egongo da bulebarrean eraso sexisten aurkako kanpainaren informazio gune modura. Egunero, beste bi hezitzailek jaietako hainbat gune bisitatuko dituzte informazio hori emateko.
Eraso sexisten aurkako kanpainaren leloa duen pankarta bat jarriko da udaletxeko balkoietan, bulebarrera begira. Era berean, eraso sexisten kasuan jarduteko protokoloak banatu zaizkie taxilariei, baita ostalaritzako establezimenduetan ere.