Gizartea -

Osasuna

MOEri osasun-estaldura unibertsala hedatzen lagunduko dio EAEk

2023 baino lehen 1.000 milioi biztanlerentzako osasun-estaldura unibertsala lortu nahi du nazioarteko aholkulari talde batek.

Ebakuntza-gela Osakidetza. Artxiboko irudia: EiTB
Ebakuntza-gela Osakidetza.
Ebakuntza-gela Osakidetza. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeari aholku emango dio Euskal Autonomia Erkidegoak, Erresuma Batua, Norvegia eta Irlandako Errepublika bezalako estatuetako adituekin batera, baliabide gutxiko estatuei bakoitzaren beharrei egokitutako osasun-prestazioak eskaini dezaten laguntzeko.

Osasun Sailak esan duenez, MOEren proiektu honen aholkularien nazioarteko taldean parte hartuko duen "estatu azpiko erakunde bakarra" da. Proiektuaren helburua 2023 baino lehen 1.000 milioi bizilagunentzako osasun-estaldura unibertsala egotea da.

Helburu horrekin sortu du MOEk 15 pertsonak osatutako aholkularitza teknikoko taldea, baliabide ertain edo baxuetako herrialdeei euren zerbitzuak izan ditzaten laguntzeko.

Iñaki Gutierrez da nazioarteko talde honetarako aukeratutako euskal aditua. Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritza partaide den Teknologia Sanitarioen Nazioarteko Erakundearen presidentea da.

Nekane Murga Osasun sailburuarentzat, "ohorea da" MOEren nazioarteko aholkulari taldearen parte izatea eta EAEk osasunean daukan ezagutza eman ahal izatea.

Gogorarazi duenez, autonomia erkidegoak urteak eman ditu bizilekua duten pertsona guztientzako osasun-estaldura eskaintzen, eta "erreferentea da teknologiak ebaluatzen zerbitzu asistentzialen prestazioak hautatzeko modu bezala".

 Aditu talde honen lanari esker, MOEk erremintak eman ahalko dizkie herrialdeei euren sistemak garatzen eta eguneratzen jarraitzeko, Bioefeko zuzendariak parte hartzen duen "Decide" izeneko plataforma berri baten barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak