Gizartea -
'Beteako demokrazia'
Puerta del Soleko kanpaldiak igandea arte iraungo du gutxienez
Gainera, astebururako manifestazio handi bat deitzea erabaki dute. Bilboko Arraigaren aurrean egindako kanpaldia mantendu dute. Iragarri dutenez, larunbaterako "aldarrikapen herrikoia" egingo dute.
Erredakzioa
Madrilgo Puerta del Soleko kanpaldian egin duten herritarren asanbladan mobilizazioak 24 ordukoak izatea, kanpaldia gutxienez datorren igandea arte luzatzea eta ostiralean edo larunbatean manifestazio handi bat deitzea erabaki dute.
03:30etik goizaldeko seiak arte eztabaidatu ostean, asanbladan parte hartu dutenek iragan igandeko manifestazioaren ondoren irakurritako aldarrikapenari eustea erabaki dute. Ez direla alderdi politikoen ordezkariak azpimarratu dute eta interes ekonomikoen aurrean giza duintasunari garrantzia ematen dion gizarte bat sortzea eskatu dute.
Asanbladan zazpi batzordetan banatutako herritarrek atera dituzten ondorioak eztabaidatu dituzte. Bileran parte hartu dutenek mugimendu baketsua izateari eman diote lehentasuna.
Era berean, Diputatuen Kongresuan exijentzia zerrenda bat aurkezteko aukera ere proposatu dute, izan ere, han amaituko da larunbatean edo ostiralean deituko duten manifestazioa.
Puerta del Sol jendez hustu onodren, berriro protesta
Politikarien eta enpresaburuen aurkako haserrea dela eta, milaka lagunek egin dute berriro elkarretaratzea Madrilgo Puerta del Solen, aldaketa politikoa eta soziala eskatzeko. Gutxienez, protesta zaintzeko dozena bat polizia daude Puerta del Soleko plaza historikoan.
Atzoko 20:00etan aldarrikapenak hasi ziren berriro, Poliziak goizean kanpaldian parte hartzen ari zirenak Puerta del Soletik bidali ondoren. Manifestarien artean kazolak eta Zapateroren aurkako pankartak ikusi dira.
Halaber, hedabideen aurkako oihuak, eta besteak beste, Esperanza Aguirre Madrilgo presidentearen edo Tomas Gomez PSMko buruaren aurkako irainak entzun dira.
Protesta baketsuak izaten jarraitzea eskatu du ''Benetako Demokrazia'' plataformako bozeramaile batek. Horrela, indarkeria erabili nahi duten herritarrak "etxean geratzea" eskatu du bozeramaileak.
Protestaren iraupena
Protestaren iraupena "hasiera batean zehazterik ez" dagoela esan dute elkarretaratzearen deitzaileek, izan ere, "gai asko eztabaidatu behar dituzte eta zenbat herritarrek parte hartuko duten ez dago jakiterik". Gobernuaren Ordezkaritzari ohartarazi diote deitzaileek agiri baten bidez, Twitter sare sozialean.
Dokumentu horretan azaldu dutenez, "bileraren helburuen artean, herritarrek klase politikoaren ustelkeriaz eztabaidatzea, benetako demokrazia aldarrikatzea eta alderdi-bitasuna salatzea daude".
Gainera, "kaleetatik protesta egitea aurrikusi ez" dutela erantsi dute, Solen "bilera estatiko bat" egitea baizik. "Partehartzaile talde batek liskarrik ez izatea bermatuko dute eta identifikatzeko jaka islatzaile bat eramango dute soinean". "Partehartzaileen izaera bakezalea bileraren ezaugarrietako bat da", gaineratu dute.
Bilboko kanpaldiak "aldarrikapen herrikoa" egingo du larunbatean
"Benetako demokrazia" plataformak Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean antolatutako kanpaldiak gaur ere jarraitzen du. Bertan, 30 lagun inguru bildu dira eta ez da aparteko gertakaririk jazo. Larunbat arratsalderako "kaleko jai aldarrikapen" batean parte hartzeko deia egin dute, esparru publikoak erabiltzeko dauden "geroz eta neurri mugatzaileei aurre egiteko".
Gainera, Arriaga Antzokiaren aurrean egindako kanpaldian parte hartzera eta horrelako elkarretaratzea ez dauden Estatuko beste hirietan ere egitera animatu dute antolatzaileek. Hauen aburuz, "beste hiri handietan ez beste, euskaldunak oso berandu ari dira jasotzen mobilizazio hauen berriak baina gero eta interes handiagoa erakutsi ohi dute".
Estatuan
Estatuan hamabost bat hirietan ari dira kanpaldiak egiten: Valentzian, Zaragozan, Bartzelonan, Sevillan, Malagan, Cadiz, Oviedon, Palman, Las Palmasen, Santa Cruz de Tenerifen, Iruñean, Santanderren y Valladoliden. Granadan, berriz, Carmen enparantzan bildutako lagunak hustu ditu Poliziak eta agenteei aurre egitea egotzita, hiru lagun atxilotu dituzte.