Gizartea -

Madrilen

Manifestazioa deitu dute larunbaterako Solen bildutakoek

Milaka lagunek elkarretaratzea egin dute Solen, debekatua egon arren. Plazatik ateratzen saiatzen badira "modu baketsuan" gelditzen saiatuko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira Puerta del Solen, Madrilen. Elkarrataratzea 20:00etan hasi da. Aurretik, Madrilgo Probintziako Hauteskunde Batzordeak Puerta del Soleko kanpaldiaren inguruko ekitaldien barnean gaur arratsalderako deituta zegoen elkarretaratze hori debekatu du. Joan den maiatzaren 15etik, hainbat lagun kanpaldia egiten ari dira Madrilen eta beste hiri batzuetan, aldaketa politiko eta sozialak eskatzeko.

Solen bildutakoek manifestazioa deitu dute larunbaterako Madrilen, gogoeta egunarekin batera. Bederatziak baino minutu batzuk lehenago, emakume batek mikrofonoa hartu du eta ekimena iragarri du. "Ez gara alderdi politiko bat, eta ez dugu inolako gogoetarik egin behar; izan ere, gogoeta eurek egin behar dute", esan du jendearen txaloen artean.

Arratsaldeko 20:00etan, manifestariak txaloka hasi dira. "Ez goaz hemendik" hainbatetan oihukatu dute, eta, zenbait minutu eman dituzte txaloka.

Ordu bat arinago, 19:00etan, Sol jendez gainezka zegoen. "Ez da ezer gertatzen, plaza gurea da", "Ez, ez, ez, ez gaituzte ordezkatzen" edota "Demokrazia esaten diote, baina ez da" leloak erabili dituzte.

Ordu horretatik, jende kopuruak gora egin du etengabe, nahiz eta Poliziak plazara ez sartzeko segurtasun neurriak hartu dituen.

Hauteskunde Batzordearen debekua

Erabakia arratsaldeko lehen orduan hartu du Hauteskunde Batzordeak, atzo zenbait lagunek egindako eskariaren ostean; erabaki horren arabera, "ez dago aparteko arrazoirik 24 orduan premiazko deialdirik egiteko", Hauteskunde Batzordetik Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Madrilgo Hauteskunde Batzordearen hitzetan, "deialdia egin dutenek botoa erantzukizunez emateko eskatzeak eragina izan lezake hauteskunde-kanpainan eta herritarren boto eskubidean".

Hauteskunde Batzordeak erabakia jakinarazi dio Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari. Azken hitza Hauteskunde Batzordeak zuela jakinarazi die gaur goizean Gobernuaren ordezkariak protestaren zenbait deitzaileri.

Atzoko elkarretaratzeak milaka lagun bildu zituen arratsaldean Puerta del Solen; krisi ekonomikoaren aurrean egindako erantzun politikoak zalantzan jarri dituzte herritar horiek guztiek.

Partehartzaileen adierazpenak

Puerta del Solen elkarretaratzea egiten ari den bozeramailetako baten hitzetan, "modu baketsuan" eutsiko diote protestari eta kaleratzen badituzte bihar bueltatuko dira.

Horiek izan dira Juan izena duen bozeramailearen adierazpenak Madrilgo Hauteskunde-batzordearen erabakia ezagutu ostean.

Carlota Jover, kanpaldiko beste bozeramaile baten esanetan, ez dute "modu ofizialean" Hauteskunde-batzordearen erabakia jaso, "iturri ez ofizialen bidez" baino.

Joverrentzat, Hauteskunde-batzordearen erabakiak "ez du indar loteslerik, eta beraz, ez dute ezer debekatu".

Bilbon eta Donostian

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga plazan, protesta "espontaneo" batean, partehartzaileek azaldu dutenez.

300 bat lagunek batzar batean parte hartu dute Donostiako Boulevardean eta Grezia, Portugal eta herrialde arabiarrei elkartasuna adierazteko jardunaldi bat antolatzeko aukeraz eztabaidatu dute.

Protestak zabaldu dira

Bartzelonako Katalunia plazan 2.000 bat lagun bildu dira. Besteak beste, Sevilla, Granada, Cadiz, Jerez, Jaen, Malaga, Tarragona, Lleida, Albacete, Guadalajara, Toledo, Ciudad real, Coruña, Santiago, Alacant, Valentzia eta Zaragozan ehunka lagun bildu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea