Gizartea -
Bilbo
Kaleko saltzaileen aurka udaltzainek izandako jarrera salatu dute Bilboko konpartsek
Kaleko saltzaileen aurka egin ostean, bi lagun atxilotu zituzten. Bilboko konpartsek salatu dute bortizkeriaz jokatu zuela Udaltzaingoak. Dendarien elkarteak, berriz, txalotu egin du Udala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udaltzaingoak Areatzako zubian zeuden kaleko saltzaileen aurka egin zuen atzo gauean eta istiluak izan ziren. Hainbat herritar saltzaileak babesten hasi ziren eta udaltzainek atzera egin behar zuten. Ertzaintza ere bertaratu zen eta liskarrak izan ziren. Bi lagun atxilotu zituzten.
Gaur, Bilboko Konpartsek oharra kaleratu dute, Udaltzaingoaren jarrera "bortitza" eta "gehiegizkoa" izan zela salatzeko eta kaleko saltzaileen alde egin zuten herritarren jarrera txalotzeko.
"Udaltzaingoak erakutsi zuen jarrera oldarkorra eta bortitza onartezina da", azpimarratu dute. Hau guztia Juan Mari Aburto alkateak bultzatutako polizia ereduaren ondorio dela kritikatu eta kaleko saltzaileak jai-gunean, hots, konpartsen gunean egoten direla gogoratu dute.
Bestalde, Bilboko merkatarien elkarteak (BilbaoDendak) begi onez hartu du Udaltzaingoak "legez kanpoko" kaleko saltzaileen aurka egin izana eta Udalari bide horretatik jarraitzeko eskatu dio.
"Baimenik gabeko kaleko salmenta legez kanpokoa da eta atzo, gainera, bide publikoan zeuden, balizko larrialdi kasu batean txosna-gunea jendez husteko irtenbidea oztopatuz", erantsi du dendarien elkarteak.