Gizartea -
Sorian
Guardia Zibila: '207 km/h-ra gidatzen zuena ez zen Trafiko arduraduna'
Azalpen honekin, Guardia Zibilen Batasunak atzo aurkeztutako salaketari erantzun diote. Epaitegietara eraman du Argüello, iaz A-15 errepidetik 207 kilometro orduko abiaduran harrapatu zutelako.
Erredakzioa
A-15 errepidean 207 kilometro ordura gidatzen harrapatu zutena Claudio Argüello Soriako Guardia Zibileko Trafiko arduraduna zenik ezeztatu du bertako komandantziak. Azaldu dutenez, Argüellorekin zihoan beste polizia batek gidatzen zuen patruila-autoa.
Azalpen honekin, Guardia Zibilen Batasunak atzo aurkeztutako salaketari erantzun diote. Elkarteak epaitegietara eraman du Argüello, iaz A-15 errepidetik 207 kilometro orduko abiaduran harrapatu zutelako. Santiago Rodriguez tenienteak adierazitakoaren arabera, gertaera iazko urtarrilean izan zen. Hil horretako 26an patruila-autoa 207 kilometro ordura harrapatu zuten. Guardia Zibilaren azalpenaren arabera, "Argüellok ez zuen autoa gidatu, harekin zihoan polizia bat baizik". Almarzako herrian gertatuko lapurretaren egileen atzetik ari zirela azaldu du Rodriguezek. Logroñoko helikoptero baten laguntza ere eskatu zutela gaineratu du. Erradar bati esker harrapatu zuten patruila-autoa. Guardia Zibilak azaldutako bertsioaren arabera, Almarzako lapurra atxilotzea lortu zuten. Patruila-autoaren argazkia eta egoeraren azalpena idatziz poliziari bidali ziotela azaldu dute. Lapurraren atzetik ibili zirenean sirena eta argiak erabili zituztela gaineratu dute.