Gizartea -
BILBO
Caballer su-etxeak irabazi du Bilboko su artifizialen lehiaketa
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eman dio saria Caballer su-etxeari Euskal Museoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suak abuztuaren 19an jaurti zituen Valentziako Caballer FX su-etxeak irabazi du Bilboko Aste Nagusiko XXIX. Su Artifizialen Lehiaketa, "argiaren, kolorearen, soinuaren eta ikuskizunaren iraupenaren arteko oreka lortzeagatik".
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eman dio saria Caballer su-etxeari Euskal Museoan. Caballer Erresuma Batuko, Frantziako, Portugalgo, Madrilgo, Zaragozako eta Ourenseko beste sei su-etxerekin lehiatu da.
Bakoitzak abuztuaren 17tik 24ra bitarteko gau batean jaurti ditu suak, 100.000 ikusle baino gehiagorekin gauero.
Epaimahaiak ikuskizunen ezaugarri desberdinak aztertu ditu: aireko espazioaren okupazioa, intentsitatea, distira eta koloreen iraupena; kolore aniztasuna, argitasuna, neurriak, efektuen aniztasuna, soinua, originaltasuna eta erritmoa, eta ikusleen harrera.
Oraindik publikoaren botoaren irabazlea aukeratzea falta da. Udalak bide desberdinak zabaldu ditu bozkatzeko eta lehiaketako babesleek banatutako sariak irabazteko. Bozketaren irabazlea irailean jakingo da.