Gizartea -
Osasuna
Nafarroa eta EAE dira osasun zerbitzu hoberenak dituzten autonomia erkidegoak
Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren ustez, "gehiegizkoa" da autonomia erkidegoen arteko aldea, Nafarroak Kanariar Uharteak baino 46 puntu gehiago lortu baititu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa dira, Aragoi eta Asturiasekin batera, osasun zerbitzu hoberenak dituzten autonomia erkidegoak, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak argitaratutako txostenaren arabera. Kontrara, Kataluniak, Andaluziak, Murtziak eta Kanariar Uharteek dituzte osasun zerbitzu kaskarrenak.
Batik bat, 2018ko datuak jaso ditu txostenak. Hain zuzen ere, osasun arloan egindako gastu per capita, ebakuntza-gela kopurua eta 1.000 biztanleko erkidego bakoitzak dituen sendagileak izan dituzte kontuan, baita arreta jasotzeko itxaronaldia, farmaziako gastua eta zerbitzuen azpikontratazioa zenbatekoa den ere. Faktore horien arabera, erkidego bakoitzari puntuazio ezberdin bat eman dio aipatu federazioak; 31 eta 126 puntu bitartekoa.
Nafarroak, guztira, 102 puntu lortu ditu; Kanariak, aldiz, 56. Horrek esan nahi du "alde handia" dagoela autonomia erkidego batetik bestera, eta horri buruz hitz egin du, hain zuzen, Marciano Sanchez Bayle federazioko presidenteak gaur emandako prentsaurrekoan.
Agerraldi horretan, Sanchezek salatu du azken lau urteotan aurrekontua handitu egin dela, krisiak ekarritako murrizketen ondotik: "Dena den, diru hori farmaziako gastura (% 18 2014 eta 2018 bitartean) eta pribatizaziora soilik bideratu dute".
Txostenak erakusten du azken hauteskunde autonomikoen ondoren, aurrekontuak "igo" egin direla, nahiz eta 2009koekin alderatuta, oraindik ere, alde handia dagoen. "Nolanahi dela komeni da EBk proposatutako gastua kontuan izatea", dio txostenak.
"Murrizketak begi bistakoak dira, bereziki, osasun langileetan. Geroz eta behargin gutxiago daude, eta haien lan baldintzak okerrera doaz, baita osasun sistemaren funtzionamendua ere; itxaronaldiei dagokienez, adibidez", kritikatu dute txostenaren egileek.
Horren aurrean, Sanchez Baylek berretsi du krisian egindako murrizketak agerikoak direla oraindik ere. "Itxaronaldi onartezinak daude ospitale askotan, gehien bat Lehen Arretan", gaineratu du.