Gizartea -

Gipuzkoa

Pasaiako portuan kareak eragindako kutsadura kasu bat salatu du Eguzkik

Elkarte ekologistak azaldu duenez, zamaontzi batek karea “behar bezalako neurririk gabe” deskargatzen ari zenean eman zen kutsadura kasua.

Pasaiako portuan kareak eragindako kutsadura kasu bat salatu du Eguzkik. Argazkia: Eguzki
Pasaiako portuan kareak eragindako kutsadura kasu bat salatu du Eguzkik
Pasaiako portuan kareak eragindako kutsadura kasu bat salatu du Eguzkik. Argazkia: Eguzki

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasaiako portuan, Donostiako Buenavista auzoaren aurrean, zamaontzien jardunagatik emandako “beste kutsadura kasu bat” salatu du asteazken honetan Eguzki talde ekologistak, eta “zintzo jokatzeko” eskatu diete erakundeei.

Elkarteak ohar batean azaldu duenez, zamaontzi batek karea “behar bezalako neurririk gabe” deskargatzen ari zenean, haizeak kare asko eraman zuen.

“Behar bezalako neurririk hartu ez zutenez, karea haizatu zen inguruetan. Buenavistako hainbatek eztarrian azkura sentitu eta, oro har, auzokoek bi egunez etxeko leihoak itxita eduki behar izan zituzten”, esan du Eguzkik.

Halaber, haizatutako karea ez zela gutxi izan nabarmendu du, “baretu eta leiho-ertzetan, autoetan nahiz kalean bertan jarri zenean ikusi ahal izan zen bezala”. Eguzkik salatu duenez, “portuan aritzen diren enpresek sarri urratzen dute ingurumen-araudia”.

“Airea eta itsasoa kutsatzeaz gain, auzokoen osasuna arriskuan jartzen dute”, gaineratu du Eguzkik.

Gauzak horrela, erakundeek ezin dutela “ezikusiarena egiten jarraitu” azpimarratu du talde ekologistak: “Ezin dute egun batean klima-larrialdiaz hitz egin eta hurrengo egunean, berriz, beste aldera begiratu ingurumen-araudia urratu eta herritarren osasuna arriskua ipintzen duten praktiken aurrean”.

Horrez gain, Espainian aireko kutsaduraren ondorioz behar baino lehen hiltzen diren “30.000 herritarretatik gehienak, 27.900, 2,5 mikra azpiko partikulekin” lotzen direla gogora ekarri du Eguzkik. Horrenbestez, “zigorgabetasun honek” ezin duela jarraitu azpimarratu du.

Testuinguru horretan, dagozkien erantzukizunak beraien gain hartu eta modu eredugarrian jokatu” behar dutela esan diete erakundeei, “ingurumen araudia gehiago urra ez dezaten eta herritarron osasuna arriskuan jar ez dadin”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Pasaia albisteak Albisteak Ingurumena EAEko kutsadura gaur