Gizartea -
DESAGERTUTAKO PERTSONAK
Abuztuaren 23tik falta den Blanca Fernandez Ochoa eskiatzaile ohiaren bila ari dira
Haren autoa Madrilgo mendilerroan topatu dute, mendizaleentzat egokitutako aparkaleku batean. Bere borondateaz alde egin duela uste dute ikertzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilen, abuztuaren 23tik falta den Blanca Fernandez Ochoa eskiatzaile ohi espainiarra bilatzeko lanei ekin diete berriro gaur goizean. Bilaketa lanetan jende andana parte hartzen ari da, tartean, Polizia, Guardia Zibila, larrialdietako erakundeak eta boluntario taldeak (10 talde, 150 pertsona inguru). Haren autoa atzo topatu zuten Madrilgo mendilerroan, mendizaleentzat egokitutako aparkaleku batean. Bere borondatez eta inork behartu gabe alde egin zuela uste dute ikertzaileek, izan ere, ez dute indarkeria zantzurik aurkitu autoan.
Blanca Fernandez Ochoaren sendiak asteazken honetan ziurtatu duenez, "ez dago zantzu berririk" eta "istripuaren hipotesia" darabilte esku artean. Desagertzeko arrazoiari buruz galdetuta, ez dagoela istripua izan ez dela pentsatzeko inolako arrazoirik esan du Adrian Federighi familiaren bozeramaileak.
Abuztuaren 23a supermerkatu batean ikusi ote zuten galdetu diote senitartekoari, baina ez du horri buruzko xehetasunik eman. Dena den, haren hitzetan, ez zen bat-batean, aurrez ezer prestatu gabe atera, janaria, motxila eta arropa egokia hartuta baizik.
Pasatzen den egun bakoitzeko "geroz eta kezkatuago" daudela onartu du Federighik, baina itxaropentsu agertu da gaurtik aurrera bilaketan "jende askok" parte hartu duelako.
Gaurko bilaketa lanak abiatu baino lehen hitz egin du Adrian Federighi familiaren bozeramaileak kazetarien aurrean.
Etxetik alde egin aurretik Blanca Fernandez Ochoak alabari esan zion iparraldera zihoala mendian ibiltzera, baina eskuko telefonoa etxean utzi zuen eta horrek familiaren susmoa eragin zuen. Abuztuaren 24an jarri zuten desagerpenaren salaketa.