Gizartea -
HERIOTZA
Roger Etchegaray kardinala hil da
Sortzez ezpeletarra bazen ere, Kanbon bizi zen 2017an Elizako ardurak uztea erabaki zuenetik, eta bertan hil da, 96 urte zituela.
EITB.EUS
Roger Etchegaray kardinal ezpeletarra hil zen atzo Kanbon, 96 urterekin, Baionako Gotzaindegiak jakinarazi duenez. Sortzez Ezpeletakoa bazen ere, Kanbon bizi zen 2017an Elizako ardurak uztea erabaki zuenetik.
Gaur arratsaldean jarriko dute Etchegarayren hil kapera Kanboko adinekoen egoitzan. Hileta elizkizuna, ostera, astelehenean egingo da, 10:30ean, Baionako katedralean.
Etchegaray 1947an egin zen apaiz, 25 urterekin. Baionako elizbarrutian hasi zuen bere ibilbidea, eta Elizaren estamentuetan gora egin zuen apurka-apurka, Joan Paulo II.a aita santuak 1979an kardinal izendatu zuen arte.
Kardinal izendatu ostean, Vatikanoko diplomaziaren buru izan zen, eta nazioarteko hainbat gatazkatan parte hartu zuen; Kuban, Iraken, Palestina, Bosnian, Chiapasen, Ruandan eta Txinan, kasu. Adibidez, Iraken, Joan Pablo II.a aita santuaren mezua aurrez aurre eman zion Sadam Huseini.
Euskal gatazkan esku hartu izan zuela argitaratu izan da, baina berak ez zuen inoiz horrelakorik baieztatu.
Heriotzaren albisteak erreakzio soka luzea eragin du. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak Twitter sare sozialean adierazi duenez, "bere jatorritik elikatu eta Euskal Herriaren enbaxadore izan zen munduan".