Gizartea -
Saratsa
Borrokarako zazpi oilar topatu dituzte Nafarroan, horietako bi hilda
Hegaztiak hainbat hegazti-kaiolatan zituzten, jatekorik eta urik gabe. Horietako lauk gandorra, belarriak eta kokotsa moztuta zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak zazpi borroka-oilar topatu ditu Saratsan, horietako bi hilda, eta ikerketa abiatu du horren arrazoiak argitzeko. Hegaztiak hainbat kaiolatan zituzten, jatekorik eta urik gabe.
Zehazki, abuztuaren bigarren astean abiatu zuen Foruzaingoak animaliei tratu txarrak ematen zizkieten argitzeko ikerketa, lur-eremu batean baimenik gabe hainbat objektu uzten ari zirela atzeman ostean. Txatarra ez ezik, oilar-jokoak egiteko itxitura txiki bat ere aurkitu zuten foruzainek.
Inguruan, bost borroka-oilar aurkitu zituzten bizirik, eta beste bi hilda. Horrez gain, janaririk eta urik ez zuen txakur bat topatu zuten. Oilar horietako lauk gandorra, belarriak eta kokotsa moztuta zituzten, borroketarako prestatzeko. Horrez gain, horietako biri mokoa ere moztu zieten.
Animalien desnutrizio egoera ikusita, agenteek bizirik aurkitu zituzten hegaztiak kutxa batzuetan sartu zituzten, banaka, elkarri erasorik ez egiteko, eta hildako bi oilarrak nekropsia egiteko hartu zituzten, horien heriotzaren arrazoia argitzeko.
Txakurra ere animaliak babesteko gune batera eraman zuten, eta foruzainek horren jabea salatu zuten, Nafarroan derrigorrezkoa den txertoa ez jartzeagatik eta animaliak identifikatzeko mikrotxipari buruzko araudia ez betetzeagatik.
Oilar-jokoak egiteko erabili zuten oilar bat. Argazkia: Foruzaingoa