Gizartea -
Epaiketa
Epaileak behin-behineko kartzela agindu du Majarenasen alabaren erasotzailearentzat
Urriaren 16ra arte izango da kartzelan akusatua; egun horretan bertan amaituko da epaiketa. Otsailean espetxetik irten zen, erasoa egin zuenetik bi urte bertan emanda.
Erredakzioa
Astearte honetan, epaiketaren hasieran, auziaz arduratzen ari den Valentziako auzitegiak behin-behineko espetxeratzea agindu du Sara Majarenas preso ohiaren alabaren erasotzailearentzat. Akusatua, Majarenasen bikotekide ohi eta alabaren aita, 52 urtekoa, urriaren 16ra arte izango da kartzelan; izan ere, egun horretan ekingo diote berriro epaiketari, azken saioa eginez. Epaileak kontuan izan du akusatuak ihes egiteko arriskua dagoela, eta orain arteko bi saioetan entzundakoaren irmotasuna.
Hortaz, akusatua berriro sartu dute kartzelan, otsailera arte behin-behinean preso izan ondoren. Hain zuzen ere, erasoa egin zuenetik bi urte kartzelan eman eta gero atera zen espetxetik.
Erasoa onartu du
Astearteko saioan, gizonezkoak onartu egin zuen 2017ko urtarrilean bi urte eta erdi zituen alaba sastatu zuela. Akusatuaren hitzetan, aita-amaginarrebek presioa egiten zioten umea hil zezan. Haurrari bi sastada eman zizkion, baina bizirik irten zen, baina hilabete baino gehiago eman behar izan zituen ospitalean. Akusatuak esan zuen damututa dagoela.
Sara Majarenas preso ohiak ere deklaratu zuen saioan, bideokonferentziaz, Euskaditik, eta eraso hura bere bizitzako "amesgaiztoa" izan zela esan zuen. "Mina eragin nahi izan zidan", argudiatu zuen.
Gizonezkoak esan zuen Majarenasen senideek mehatxatzen zutelako eta presioa egiten ziotelako egin zuela erasoa. "Senideek presioa egin zidaten delitu hori egiteko. Gaur ere pentsatzen ari naiz nola egin dudan. Berehala damutu nintzen", esan zuen, eta gertaerak onartu dituela baina ez duela ezer gogoratzen azpimarratu zuen.
Majarenasen hitzetan, sei urtez izan zen akusatuaren bikotekidea, eta hasieratik izan zituen gizonezkoak hira- eta oldarkortasun-atakeak.
Preso ohiaren arabera, gizonak mehatxuka deitu zion, eta alabaren "oihu lazgarria" entzun zuen ondoren. Orduan sastatu omen zuen erasotzaileak alaba. "Isilunea izan zen, eta 'hiltzen ari da, hiltzen ari da', esan zuen gero", gaineratu zuen Majarenasek, eta ukatu egin zuen bere gurasoek presiorik egin izana bere bikotekide ohiari.
__________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.