Gizartea -
Epaia
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria Quezadarentzat, Gabriel Cruzen hilketagatik
Hilketa-delitua egotzi diote, ahaidetasunaren zirkunstantzia larrigarriarekin, 2018ko otsailean Almerian bikotekidearen semea hiltzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Almeriako Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Ana Julia Quezadari, Gabriel Cruz zortzi urteko mutikoa azpikeriaz hiltzeagatik. 2018ko otsailean hil zuen, Almeriako Nijar herrian, familiaren etxaldean, herri-epaimahaik frogatutzat jo zuenez.
Aldeei astelehen honetan emandako epaian, hilketa-delitua egotzi diote Quezadari, ahaidetasunaren zirkunstantzia larrigarriarekin.
Adingabearen gurasoei eragindako lesio psikikoen bi deliturengatik ere zigortu dute. Angel Cruz aitari eragindakoagatik, hiru urteko kartzela-zigorra ezarri diote, ahaidetasunaren zirkunstantzia larrigarria dagoelako; Patricia Ramirez amari eragindakoagatik, aldiz, bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote.
Zuzentasun moralaren aurkako bi deliturengatik, urtebete eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio Alejandra Dodero epaileak aitaren aldetik, ahaidetasunaren zirkunstantzia larrigarria dagoelako, eta urtebetekoa amaren aldetik.
Ardura zibilari dagokionez, epaiak zehaztu du 250.000 euro ordaindu behar dizkiola amari eta beste horrenbeste aitari, eta hurrengo 30 urteotan ezingo da haiengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu. Gainera, 200.203 euro ordaindu beharko dizkio Estatuari, umea bilatzeko lanek eragindako gastuak ordaintzeko.