Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Emakume batek leihotik ihes egin du Basaurin bikotekidearen erasoa saihesteko

Gizonak eraso egin dio aurpegian kolpeak emanda eta lepotik hartuta, ia ito arte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume batek leihotik ihes egin du Basaurin (Bizkaia) bikotekidearen erasoa saihesteko. Gizonak kolpeak eman dizkio aurpegian eta itotzen saiatu da, biktimak Ertzaintzaren aurrean salatutakoaren arabera.

Erasoa astelehen goizaldean gertatu da, bikoteak Basauriko Basozelai auzoan duen etxebizitzan. Eztabaida baten ondorioz, gizonak eraso egin dio eta lepotik heldu dio, ia ito arte.

Emakumeak leihotik ihes egin du, eta beheko etxeko leihoko segurtasun barrei helduta iritsi da kalera.

Auzokideek emakumea babestu dute Ertzaintza heldu arte, eta agenteek 30 urteko gizona atxilotu dute. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman dute. Atxilotuak aurrekariak ditu.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Indarkeria matxista Bizkaia EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak