Gizartea -

Kantabria

Castro Urdialesen aurkitutako burua apiriletik desagertuta zegoen bilbotarrarena da

Haren bikotekideari behin-behineko espetxealdia, komunikatua eta fidantzarik gabekoa ezarri dio epaileak, kautelazko neurri gisa. Bitartean, desagertuaren gorpuaren bila jarraitzen dute.

Desagertutako bilbotarra eta haren bikotekidea. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Desagertutako bilbotarra eta haren bikotekidea. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Desagertutako bilbotarra eta haren bikotekidea. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Castro Urdialesen (Kantabria) kutxa baten barruan aurkitutako burua Jesus Maria B. R. bilbotarrarena da. Horrenbestez, biktima apiriletik desagertuta zegoen 67 urteko bilbotarra dela baieztatu dute azterketek. Auzi honen ardura duen epaileak Maria del Carmen M. G. haren bikotekidea kartzelatu zuen, hilketarekin lotura duelakoan.

Polizia iturriek azaldu dutenez, garezurrari analisiak eginda baieztatu dute Jesus Maria B. R.-rena dela. Espetxeratutako emakumea izan zen gizonaren desagerpena salatu zuena, hain zuzen ere.

Emakumea, Utreran (Sevilla) jaio zen, 61 urte ditu eta duela urte zazpi bizi da Castro Urdialesen. Asteburuan atxilotu zuten, Padre Basabe kaleko Mar Llana eraikinean.

Bilbotarraren desagerpena salatu ostean, Maria del Carmenek kutxa bat eman zion bere bizilagunari, bertan omen zituen jostailu erotikoak gordetzeko. Izan ere, Guardia Zibilak bere etxea miatzen bazuen, ez zuela horiek aurkitzerik nahi esan zion.

Ostiraletik larunbatera bitarteko goizaldean, bizilagunak kutxa ireki zuen, usain oso txarra zeriolako. Kutxan, pertsona baten burua aurkitu, eta antsietate-krisia izan zuen bizilagunak. Ondorioz, osasun-zerbitzuek artatu behar izan zuten.

Handik denbora gutxira, Guardia Zibilak emakumea atxilotu zuen, baina desagertutako gizonaren bikotekideak ez zuen deklaratu nahi izan.

Asteartean, Castro Urdialesko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak behin-behineko espetxealdia, komunikatua eta fidantzarik gabekoa ezarri zion, kautelazko neurri gisa. Bitartean, desagertuaren gorpuaren bila jarraitzen dute.

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, bilbotarraren lursail batzuetara zabalduko du haren gorpuaren bilaketa. Bitartean, atxilotua bizi zen etxea miatzen jarraitzen dute.

Burezurra Guardia Zibileko Kriminalistika Zerbitzuko adituek aztertu dute, Madrilen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Kantabria azken ordukoa