Gizartea -

Bizkaian

Dutxak instalatzen dituzten enpresetan 'etikoak ez diren praktikez' ohartarazi dute

Kontsumobideren esanetan, erreklamazio gehienak ordaindu den seinalea itzuli ez izanagatik eta obren exekuzio txarragatik egin dira.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak ohartarazi du "oso etikoak ez diren praktikak" daudela bainu ontzien ordez dutxa ontziak instalatzen dituzten zenbait enpresaren etxez etxeko salmenta prozeduretan.

Institutuak jasotako kexak Bizkaian dagoen enpresa ezagun baten aurka zuzendutakoak dira batik bat. Enpresa horri aurretik ere ohartarazi izan zaio eta espediente ugari ditu irekiak, gehienak Bizkaian, baina baita EAEko gainerako lurraldeetan ere.

Sektore bereko beste enpresa batzuei ere egin izan zaizkie erreklamazioak, kontsumitzaileak berak aurkeztuak, Kontsumobidek jakinarazi duenez.

Erreklamazio gehienak ordaindu den seinalea itzuli ez izanagatik eta obren exekuzio txarragatik egin dira. Hala ere, etxez etxeko salmenta prozedurak berak ere zalantzan jartzen ditu enpresa horien zintzotasuna eta etika, are gehiago kontuan hartzen bada adinekoen sektorea dela praktika horiengatik gehien erasandakoa.

Salmenta dinamika antzekoa da beti. Erabiltzaileak, enpresaren publizitateak erakarrita, aurrekontu bat eskatzeko deitzen du eta enpresako ordezkari bat agertzen da etxean. Enpresek zenbaitetan deiak ere egiten dituzte ordezkari baten bisita eskaintzeko.

Erabiltzaileari seinale bat eskatzen zaio, ustezko aurrekontuaren % 25ekoa, eta horren truke ez zaio inolako ordainagiririk ematen

Aurrekontu bat betetzen da eskuz eta bertan ez da zehazten elementuetako bakoitzaren prezioa, ez eta eskulanarena ere. Gainera, aurrekontuak ez du lauki argi bat non ziurtatu onartu egiten dela. Aurrekontu horrekin ez dira kontratazio baldintzak entregatzen; hala ere, enpresak baditu kontratazio baldintza horiek, nahiz eta zenbaitetan ez duten legea argi betetzen.

Erabiltzaileari seinale bat eskatzen zaio, ustezko aurrekontuaren % 25ekoa, eta horren truke ez zaio inolako ordainagiririk ematen. Pertsonak esaten badu aurrekontua ez duela onartzen eta seinalea itzultzeko eskatzen badu, aurrekontua onartuta dagoela alegatzen du enpresak, eta dutxa ontzia fabrikatzen hasiak direla, neurrira egina, eta hortaz ez zaiola seinalea itzuliko.

Salmenta dinamika "agresibo, lauso eta etikarik gabeko horrekin" jarduten du enpresak adinekoen etxebizitzetan batez ere. Kontsumobide praktika horiek ikertzen ari da, etxeetatik baztertuak izan daitezen.

Gomendioak

Kontsumobidek zenbait gomendio eman ditu egoera horren aurrean. Hasteko, ez da sinatu behar inolako aurrekonturen onarpenik etxean, gutxienez pentsatzeko egun pare bat hartzen ez badira. Beti eskatu behar da aurrekontu bat baino gehiago, konparatu ahal izateko. Inoiz ez seinalerik ordaindu behar kontratua sinatu arte, eta fede eman eta erabaki arte adierazitako enpresarekin hasi behar dela obra.

Ordainagiri edo faktura bat eskatu behar da seinale bat ordaintzen den kasu guztietan, eta enpresa batek aurrekontua egiteagatik kobratu nahi badu, aldez aurretik ohartarazi behar du eta zenbatekoa adierazi.

Ados ez egotekotan edo praktika horietakoren batek jasan bada, Kontsumobideren gomendioa da dagokion erreklamazioa enpresaren aurrean aurkeztea, edo, bestela, Kontsumobideren bulegoetan (sarean ere) eta kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa KontsumoBIDE