Gizartea -

Mediku akatsa

Zirujau batek bi milioi emango dizkio paraplegiko utzi zuen gaixo bati

Bizkaiko Auzitegiak berretsi egin du ebazpena eta atzera bota du defentsaren argudioa, beraz, mediku laguntzaileei ez die ardurarik leporatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko zirujau batek bi milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio hesteetako arazoak zituen gaixo bati ebakuntza egin eta, akats batengatik, paraplegiko uzteagatik.

Bizkaiko Auzitegiak emandako ebazpenean akatsaren ardura guztia Julio F. P. zirujauari leporatzen dio eta atzera bota du defentsaren argudioa, ardura mediku laguntzaileei ere leporatzearena.

Hori horrela, zirujauak bi milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio gaixoari. Zurich aseguru etxeak 600.000 euro ordainduko dizkio, zirujauaren aseguruak muga hori zuelako, eta gainerakoa medikuak berak ordaindu beharko du.

Ebakuntza 2007an egin zuen. Gaixoak akalasia zuen, urdail eta hesteko arazo bat. Ebakuntza egiten ari ziren momentuan, "hemorragia handi bat" hasi zen eta "ez zutenez ixtea lortu", beste zirujau talde bati laguntza eskatu zioten.

Bigarren mediku talde horrek torakoesternotomia bat (toraxeko paretean ebakuntza) egitea erabaki zuen, odola toraxeko aortatik ateratzen zela pentsatuta, "aortaren akatsa itxi" zuten, hemorragia geldiaraziz. Horren ostean, medikuak hasieran egin asmo zuen ebakuntzari ekin zion.

Gaixoa Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman zuten eta hurrengo egunean "bizkarrezur-muinean ebakia" izan zezakeela ikusi zuten. Gero, Guttman Institutuak, aipatu arazoetan adituak, baieztatu egin zuen "bizkarrezur-muineko lesioa, hemorragia geldiarazteko egindako maniobrek eraginda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea