Gizartea -
Bularreko minbizia
Bularreko minbizia izan duten 10 emakumetik 9 bizi dira 5 urte ondoren
Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Katxalin Martxa Solidarioa egingo dute datorren igandean Donostiako kaleetan barrena.
EiTB.EUS
Katxalin Martxa Solidarioak Donostiako kaleak zeharkatuko ditu urriaren 27an (igandea), bularreko minbizia pairatzen duten emakumeak babesteko. Martxa 11:00etan irtengo da Alderdi Ederretik, eta puntu horretan bertan amaitu, 4 kilometroko ibilbidea burututa.
Larunbat honetan, hilaren 19an, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da, eta Gipuzkoan, martxa horrez gain, gaixotasun horren gaineko jardunaldi berezia egingo da, Onkologikoan, urriaren 24an.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak, Maite Peña Gizarte Politiketako foru ahaldunak eta Txaro Beobide Katxalin Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkarteko presidenteak gaur goizean aurkeztu dute Nazioarteko Egun honi lotutako aurtengo kanpaina.
Ekitaldian, Murgak esker ona adierazi die bularreko minbiziak eragindako emakumeen elkarteei eta familiei, "gaixotasun horri aurre egin behar dieten emakumeen benetako gogo-euskarri baitira".
Sailburuak itxaropen mezu bat bidali izan nahi die guztiei, "biziraupenak gora egiten jarraitzen duelako Euskadin, eta gaixotasun horren eragina murriztuz doalako, detekzio goiztiarrari eta tratamendu pertsonalizatuei esker".
Tratamendu horiek gero eta eraginkorragoak dira, eta albo-ondorio gutxiagokoak: "Horrela, aukera onena eskain daiteke, eta Osakidetzako laguntza-baliabideen arteko koordinazioa errazten da".
Halaber, Murgak nabarmendu du Osakidetzak, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak emakume horiekin duten konpromisoa.
Horrela, Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Euskadi 2018-2023 Plan Onkologikoaren esparruan, bularreko minbizia goiz detektatzeko Osakidetzaren programa indartuko da; xede-populazioa 329.022 emakume dira, eta 2018an 8,2 milioi euro zuzendu ziren horretara.
Murgak azaldu duenez, bularreko minbizia goiz detektatzeko Osakidetzaren programa indarrean jarri zenetik, 10.000 kasu antzeman dituzte, gehienak goiztiarrak; eta iaz 666 tumore diagnostikatu zituzten.
Sailburuak erantsi du bularreko minbiziak jotako emakumeen bizi-iraupenak gora egin duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: "2000-2004 urteetan tasa hori % 83,4koa bazen, 2010-2012 epealdian %86ra igo zen".
Ildo horretan, Osasun sailburuak azpimarratu du bularreko minbizia antzeman eta bost urtera bizirik dauden emakumeen kopuruak gora egin duela. 50 urtetik beherako emakumeen artean, bizi-iraupena %88,7tik %91,9ra igo da; 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen artean, berriz, tasa hori %89,1etik %92,7ra igo da.
Bestalde, Maite Peña ahaldunak babes osoa eskaini dio Katxalin elkarteari, "etengabe" lanean baitabil bularreko minbizia duten emakumeak "ikusarazteko, sentsibilizatzeko, babesteko eta laguntzeko". Adierazi duenez, Katxalin elkarteak "lan ikaragarria" egiten du, gaixotasunaren ikuspegi positiboagoa eskaintzen eta erasandako emakumeen bizitza kalitatea hobetzen, besteak beste, informazio eta sentsibilizazio kanpainak eginez, emozioak kudeatzeko terapiak antolatuz, eta diagnostikatu berri diren emakumeei laguntza emanez.
"Laguntza eskaintzen diezue esperientzia bera igaro duten emakumeei eta beren familiei eta ingurukoei; oso lan garrantzitsua eta txalogarria egiten duzue", gaineratu du.
Kanpaina, abian
Aurtengo kanpaina urriaren 11n abiatu zen; Katxalin elkarteak dohaintza bat egin zuen Biodonostian. Hilaren 14an eta 15ean begizta arrosak jarri ziren Bergaran, Zumarragan eta Ordizian. Horrez gain, hilaren 18a eta 26a bitartean, diru-bilketa egingo da Gipuzkoa osoan, eta kanpaina hilaren 27an bukatuko da, Katxalin elkartearen ibilaldi solidarioarekin.
Txaro Beobidek azaldu duen bezala, izena emateko hainbat modu daude: katxalinsolidarioa.com webgunean, Donostiako Robers dendan, eta Garbera, Urbil, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Arrasate, Ordizia eta Tolosako Eroski dendetan. Nolanahi ere, ibilaldian parte hartu ezin dutenek ere beren aletxoa jarri dezakete, "0 dortsala" inskripzioa egitearen bidez. Web orri honetan dago informazioa.