Gizartea -
Epaiketa Donostian
Donostiako bortxatzaileak aitortu egin du Loiolako Erriberako erasoa
Auzipetuak 8 urteko espetxe zigorra onartu du, eta guztira 27 urte pilatzen ditu jada Gipuzkoako hiriburuan egindako bost bortxaketak direla eta.
Erredakzioa
Donostiako serie-bortxatzaileak aitortu egin du gaur Loiolako Erriberak auzoan 2008an jazotako sexu erasoaren egilea dela, eta 8 urteko espetxe zigorra onartu du.
Hori horrela, auzipetuak 27 urte eta 9 hilabeteko zigorrak pilatzen ditu jada Gipuzkoako hiriburuan egindako bost bortxaketen harira.
Fiskaltzak galdetuta, auzipetuak azaldu du 2008ko urriaren 25ean neska gazte bat jarraitu zuela Loiolako Erriberak arte, eta bertan, haren etxebizitzaren parean, konorte barik utzi zuela.
Ez du zehaztu nola egin zuen, baina ondoren gaineratu du igogailuaren bidez eraikineko aparkalekuko bigarren solairura eraman zuela, eta, bertan, lurrean etzan eta "tamalez" bortxatu egin zuen.
Akusazioek 8 urteko espetxe zigorra eskatu dute, sexu erasoa egotzita, eta 24 egunez uneoro non dagoen jakinaraztea ezartzea lesio eta lapurreta faltak leporatuta. Halaber, inoiz hirugarren gradua ezartzen badiote, Espainiatik kanporatzeko eskatu dute. Izan ere, auzipetua Ekuadorrekoa da eta Espainian modu irregularrean ei dago.
Auzipetuak esan du Espainian senide asko dituela, eta ondoren, epaileak amaitutzat eman du epaiketak.
Honakoa Donostiako bortxatzailearen aurkako bosgarren epaiketa izan da. Eraso guztietan ''modus operandi'' berdina erabili du: biktimak ezustean harrapatu, konorte gabe utzi eta ondoren bortxatu.