Gizartea -

Tigre-eltxoa

Tigre-eltxoa, EAEn: zergatik da arriskutsua? Nola aurre egin?

Bere ziztada bereziki mingarria da, eta gaixotasunak kutsatu ahal ditu; beraz, "funtsezkoa" da kontrolatzea. 2014an iritsi zen Euskadira, eta orain Irungo eta Basauriko hiriguneetan identifikatu dute.

Tigre-eltxoa. Argazkia: naturegirl 78
Tigre-eltxoa Euskadira iritsi da. Argazkia: naturegirl 78 (Creative Commons).
Tigre-eltxoa. Argazkia: naturegirl 78

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ziztada bortitza du, bai eta gaixotasunak kutsatzeko gaitasuna ere"; hala dio Joseba Goikoleak, alegia, tigre-eltxoa EAEn kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duen programaren arduradunak. Eitb.eus-i nabarmendu dionez, erakundeak "sarean ari gara lan egiten", eltxo horren eraginari aurre egiteko xedearekin. Irungo eta Basauriko Udalek, adibidez, oso gertutik jarraitzen dute haren bilakaera; izan ere, udalerri horretako hiriguneetan antzeman dute.

Baina, zein ezaugarri ditu? Zergatik da arriskutsua? Nola saihestu ahal da agertzea? Tigre-eltxoa (aedes albopictus), Osasun Sailak zabaldutako triptikoak zehazten duenez, eltxo inbaditzailea da, asiar jatorria du, eta aurreko mendearen 70eko hamarkadatik darama munduan zehar etengabe zabaltzen. 2014ko urrian identifikatu zen estreinakoz Euskadin. Tamaina txikiko eltxoa da (5 milimetrokoa, gutxi gorabehera), eta buruan eta toraxean dituen marra zuriengatik identifikatu daiteke. Ziztada mingarria du eta erreakzio handia eragin dezake.

Emeek arrautzak erruteko erabiltzen dituzten tokiak ur gutxikoak eta geldirik dagoen urak osaturikoak dira; adibidez, loreontzien platerak bilatzen dituzte, estoldak, ontzi txikiak, bidoiak, pneumatikoak edo teilatuetako erretenak. Hori dela eta, Goikoleak azaltzen duenez, "garrantzitsua da metatutako ura kentzea", aipatutakoak bezalako puntuetan.

Hiriguneetan

Duela bost urte identifikatu zen tigre-eltxoa lehen aldiz EAEn, baina azken hilabeteotan kontuan izateko aurrerapausoa gertatu da haren bilakaeran: Irunen eta Basaurin, estreinakoz, hiriguneetan agertu dira larbak, hau da, ez bakarrik udalerri horietako kanpoaldean. Norbaitek tigre-eltxo baten erasoa pairatzekotan, dio Goikoleak, "normalean, ziztada ez da gaizkoatzen, baina pertsonaren araberakoa da hori". Tigre-eltxo ugari dauden guneetan, nolanahi ere, horren ziztada jasanez gero, komenigarria da osasun-zentrora joatea.

BIDEOA | Tigre-eltxoa Irungo erdigunean agertu da

Tigre-eltxoa Irungo erdigunean agertu da
Tigre-eltxoa Irungo erdigunean agertu da
Tigre-eltxoa Irungo erdigunean agertu da

1:16

Joseba Goikoleak gogora ekarri du nola berriki, Frantziako hego-ekialdeko Var departamentuan (Toulon da hiriburua, Donostiatik 800 bat kilometrora dago), zika kasu bat gertatu zen, tigre-eltxo batek eraginda. Hainbat gaixotasunen igorle ona da, dengearena edo chikunguya izenekoarena kasu. Dengea latitude tropikaletan da ohikoagoa, Euskal Herrian baino. Dangeak gripe-sintomak ekar litzake, eta, kasurik txarrenetan, baliteke hilkorra izatea. Chikunguyak dengearenak bezalako sintomak ditu, eta gehienez bizitzan behin eragiten dio pertsona bakoitzari. Sintomen artean dago gorputz-adarretako artikulazioetako min handia.

Herritarrek tigre-eltxoaren agerpena saihesten lagun dezakete, hainbat ekintza errazen bidez. Horietako bat da aldizkako berrikusketak egitea ura metatzeko modukoak izan daitezkeen ontzi eta tresnetan, bai eta horiek kentzea, ahal bada. Komenigarria da uraren pilaketa galaraztea drainatze-guneetan, eta ura etengabe pilatu daitekeen zuloak estaltzea. Loreontziak, loreontzien azpiko platerak, ontziak, edo plastikozko igerilekuak, Osasun Sailaren esanetan, astean bi aldiz hustu beharko genituzke, eta kainu-zuloetan, aldiz, astean behin bota beharko genuke ura. Animalien askako ura bi edo hiru egunetik behin aldatu beharko genuke, halaber. Azkenik, eltxo-sareak erabiltzea oso lagungarria izan daiteke, intsektua ez sartzeko.

"Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udal-teknikariek", dio Goikoleak, "tigre-eltxoari aurre egiteko lan egiten dute". Tigre-eltxo bat detektatuz gero, gure gailu mugikorra erabili dezakegu argazki bat atera eta Mosquito Alert aplikaziora bidaltzeko; gainera, edonork lagundu ahal du zeregin horretan, horren inpaktua gutxitzea helburu duen talde honetako kide bilakatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Basauriko berriak Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Irun bideoak Albisteak Osasun albisteak