Gizartea -

Nafarroa Oinez

Igande honetan izango da 2019ko Nafarroa Oinez, Tuteran

Asteburu honetan Nafarroa Oinez jaialdia ospatuko da Tuteran. Lau gune izango ditu Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian zehar joango den ibilbideak.

Tuterako Argia ikastolak antolatuko du aurtengo edizioa. Argazki: EiTB
Tuterako Argia ikastolak antolatuko du aurtengo edizioa. Argazki: EiTB
Tuterako Argia ikastolak antolatuko du aurtengo edizioa. Argazki: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean hartuko du Tuterak Nafarroa Oinez jaialdia. Argia ikastola izan da aurtengo edizioa antolatzeko arduraduna. Antolatzaileek Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria hautatu dute ibilbidea osatzeko. Lau gune egongo dira 3.200 metroko ibilbidean zehar: Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna.

Aurtengo edizioan, iaz hasitako erronka inklusiboarekin jarraitzeko, ibilbidea prestatzeko garaian ez ezik, panelak eta seinaleak jartzerakoan ere behar bereziak dituzten pertsonak kontuan hartu dituztela adierazi dute Arguiñe Korta Argia ikastolako zuzendariak eta Maru Eriz lehendakariak. CERMIN, EUNATE, ONCE eta AMIMET elkarteek ibilbidea ahalik eta inklusiboena egiten lagundu dute.

1.500 boluntario baino gehiago egongo dira igandean lanean. Antolatzaileek “azken deia” egin dute Tuterara ahalik eta jende gehien hurbil dadin “euskararen festa berriro ospatzeko”.

Edizio honetan Errigora ekimena omenduko du Argia ikastolak, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Dani Lopez. Ikastolen eta euskararen alde “inplikazio itzela” erakusteagatik omenduko dituztela esan dute antolatzaileek.

Joan-etorrietarako autobus zerbitzua jarriko dute Tuteratik Nekazaritzako Elikagaien Hirira. Herrian bertan 3 geraleku izango ditu: Diaz Bravo, Estazio plaza eta Zangozako Merindadea.

Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna guneetarako ekimen ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Musika eskaintzari dagokionez, kontzertu gune nagusiak Alaitasuna eta Etorkizuna izango dira, Modus Operandi, Afu, Urtz, Zopilotes Txirriaos eta Oihan Vega dira oholtzaratuko diren izen esanguratsuenak. Gainera, egun guztian zehar hainbat talde ibiltari ibiliko dira ibilbidea alaitzeko.

Kontzertuez gain, Erronkak ere zer esana emango du. Gune guztietan proba ezberdinak egin beharko dituzte 11 ikastoletako partaideek. Sari-banaketa Etorkizuna gunean izango da, 14:00etan.

Hurbildu ezin dutenentzat

Tuterara joateko aukera ez dutenentzat, Argia ikastolari laguntzeko hainbat aukera aurkeztu dituzte: zirkuitu birtualeko zatiak erostea, Oinez Basoa proiektuan zuhaitz bat babestea edo Nafarroa Oinezen web-orrialdean agertzen den kontu zenbakian ekarpen ekonomikoak egitea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gaurko albisteak Nafarroan Tutera Nafarroa Oinez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak