Gizartea -
Auto-istripua
Aretxabaletan igandean izandako istripuaren lekukoen laguntza eskatu du Ertzaintzak
Auto-istripuan pertsona bat hil zen. Ezbeharra GI-627 errepidean gertatu zen, 19:00 aldera. Lekukoek 943 53 91 25 zenbakira dei dezakete.
Agentziak | Erredakzioa
Aretxabaleta parean igandean gertatutako auto-istripuaren balizko lekukoen laguntza eskatu du Ertzaintzak. Istripuan 64 urteko gizon bat hil zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Istripua 19:00ak aldera jazo zen, GI-627 errepidean, Aretxabaleta parean, bi autok talka egitean. Gidarietako bat ibilgailu barruan harrapatuta geratu zen, eta bertatik atera zutenean, hilik zegoela baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
Beste lau lagun zauritu ziren, eta Arrasateko eta Txagorritxuko ospitaleetara eraman zituzten.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko eta lekukoen laguntza eskatu du. Gipuzkoako Trafiko Unitateko Atestatuen atalarekin jar daitezke harremanetan, 943 53 91 25 telefono zenbakira deituta.