Gizartea -
Kontziliazioa
Nola eskatu 16 asteko guraso-baimena Euskadin
Zertan datza urriaren 22an onartutako dekretua? Nola eskatu ahal dira eskaintzen dituen diru-laguntzak? eitb.eus-ek horren gaineko zalantza guztiak argitu nahi dizu.
EiTB.EUS
Urriaren 22an, asteartearekin, Eusko Jaurlaritzak 16 asteko guraso-baimena bermatuko duen dekretua onartu du; ondorioz, guraso ez umedunek, umedunek bezala, 16 urteko baimena izango dute lanean. EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, indarrean sartuko da; baliteke hori azaroaren 1ean izatea. Baina, zertan datza baimen hori? Eta, gainera, eskatzen dituen betebeharrak betez gero, nola eskatu behar da?
Zer den 16 asteko guraso-baimena bermatzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretua?
Herritar askok horrela deitzen dioten arren, ez da baimena; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik guraso-baimenik emateko. Langileak eskatu ahal duen borondatezko eta ordaindutako eszedentzia da; Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen ere Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, ordainduko die langileei eszedentzia-epe horretan.
Estatuak du eskumena guraso-baimenak emateko, Gizarte Segurantzaren bidez. Hortaz, Jaurlaritzak ordaindu egingo dio guraso ez umedunari borondatezko eszedentzia horretan.
Noiz eskatu ahal den borondatezko eta ordaindutako eszedentzia hori
Erditzearen ostean, guraso ez umedunek zortzi asteko baimena dute Euskadin, Estatu osoan bezala. Lehenengo biak segidan erabili behar izango dituzte, erditzearen ondoren; gainerako seiak, aldiz, etendako epeetan erabili ahal izango dira, umeak hamabi hilabete izan arte. Baimen hori % 100ean dago ordainduta, Gizarte Segurantzaren aldetik, eta besterenezina da; hortaz, guraso umedunak ez badu erabiltzen, ezin dio laga beste gurasoari.
Gizarte Segurantzak ordaindutako zortzi asteko baimena amaituta, guraso ez umedunak eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak ordaindutako zortzi asteko eszedentzia-epea. Lanean eskatu behar du eszedentzia hori, eta, tramite hori eginda, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza ekonomikoa eskatu ahal izango da: Interneten bidez, Jaurlaritzak hori egiteko duen web orrian; aurrez aurre, Jaurlaritzaren herritarrentzako informazio-bulegoetan.
Zein guraso ez umedunek eskatu ahal izango duten eszedentzia hori
Lau baldintza daude:
-Lehena da umea dekretua argitaratu ostean jaio izatea. Aurreikuspena da hori 2019ko azaroan gertatzea, azaroaren 1ean ziur aski.
-Bigarren baldintza da hiru betebehar hauetako bat betetzea:
-Besteren konturako langilea izatea.
-Sozietate kooperatibo bateko bazkide langilea edo lan-bazkidea izatea.
-Norbere konturako langilea edo autonomoa izatea. Kasu horretan, beharrezkoa izango da langile bat kontratatzea, diru-laguntza jasotzen duten epe osoan.
-Hirugarren baldintza da Euskadin erroldatuta egotea.
-Laugarrena da umea ez eramatea haurtzaindegi batera.
Noiz arte eskatu ahal den eszedentzia
Umeak urte bat bete arte; hori bai, beti egin behar da guraso umeduna baimenaz gozatzen ez dagoen epe batean. Hortaz, aukera dago gurasoetako bat, behintzat, umearekin egotea horrek, gutxienez, zazpi hilabete eta erdi izan arte, gutxi gorabehera.