Gizartea -

Gertakaria

Espetxera bidali dute Lodosako hilketaren harira atxilotutako gizona

Jose Jimenez 26 urteko gaztearen hilketarekin zerikusia duelakoan behin-behineko espetxea agindu du epaileak. Jimenezen gorpua atzo aurkitu zuten Carcar herrian, indarkeria zantzuekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Jimenez Jimenez 26 urteko gazte lodosarraren hilketarekin zerikusia duelakoan atxilotutako gizona kartzelara igorri dute. Epaileak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxea agindu du.

Antza, atxilotuak, 30 urteko gizonak, hilketa bere gain hartu du Guardia Zibilaren kuartelean eta berak erakutsi omen zien agenteei gorpua ezkutatuta zegoen lekua.&' || 'nbsp;Lodosan oso pertsona ezaguna omen da, hainbat herritarrekiko urruntze aginduak ditu ezarrita. Lizarrako epailearen aurrean deklaratu ostean sartu dute kartzelan.

Gaztearen gorpua atzo aurkitu zuen Guardia Zibilak Nafarroako Carcar herriko mahasti batean. Jurramendiko mankomunitateak duen birziklatze plantatik gertu, buruan eta sabelean hainbat tirorekin.

Jose Jimenez joan den astean Ebro ibaira joan zen arrantza egitera eta, ondoren, lagun batekin ehizara abiatu zen. Espetxean sartu duten gizona da, hain zuzen, hildakoarekin ehizan ibili zen kidea.

Bi eguneko lutoa

Jose Jimenez gaztearen hilketak samina sortu du Lodosan. Banderak masta erdian daude eta Udalak bi eguneko lutoa ezarri du.

Gaur arratsaldeko 20:30ak aldera elkarretaratze isila deitu dute Carcar herriko mahasti batean hilda aurkitu zuten 26 urteko herritarraren oroimenean eta gertakaria salatzeko.

Albisteak herrian sekulako samina sortu duela adierazi du Jesus Maria Garcia Lodosako alkateak, gertakariarekin zerikusia duelakoan atxilotu eta espetxeratu duten gaztea ere herriko bizilaguna da.

Egoera hauek "tristura eta samin handia" sortzen dituzte eta "dolu giro arraroa pizten dute", adierazi du alkateak.

Hildako gaztearen hileta ekitaldia Lodosako frontoian egingo da, erritu ebanjelikoa jarraituta. Ospakizun erlijiosoak egiteko erabiltzen duten lokala txikia dela eta udalari frontoia erabili ahal izateko baimena eskatu dio familiak.

Oraindik ez dute argitu hileta noiz izango den, gaztearen gorpuari autopsia egiten ari baitira Iruñean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea