Gizartea -
Kasu gehienak Hanburgon
'E.coli' bakterioak 29 hildako utzi ditu dagoeneko Alemanian
Orain arte 2.800 lagun kutsatu dira bakterioarekin, horietatik 722k sindrome uremiko hemolitiko (SUH) arriskutsua garatu dute.
Erredakzioa
''E.coli'' bakterioak 29 lagun hil ditu dagoeneko Alemanian. Azken orduetan beste hiru lagun hil dira, horietako bi Saxonian (Iparraldea) eta beste bat Hessen (erdialdea). Horrez gain, beste pertsona bat hil da Suedian.
Robert Koch Instituaren arabera, orain arte 2.800 lagun kutsatu dira bakterioarekin, horietatik 722k sindrome uremiko hemolitiko (SUH) arriskutsua garatu dute.
Biktima gehienak Hanburgon jazo dira, izan ere, izurritea bertan hasi zen. Saxonian 10 hildako izan dira orain arte eta Hessen gaur jazo da aurreneko biktima, 57 urteko gizon bat.
Aurreneko kasua maiatzaren 1ean atzeman zutenetik Robert Koch Institutua bakterioaren garapena jarraitzen ari da.
Gomendioak
Maiatzaren 25ean pepinoak eta entsaladak eta tomateak gordinik ez jatea gomendatu zuten Alemaniako agintariek. Horrez gain, iragan asteburuan ernetutako kimuak ez kontsumitzea gomendatu zuten.
Ospitaleek eta laborategiek bakterioaren jatorria zein den ikertzen jarraitzen dute. Krisiak galera izugarriak eragin ditu Europako nekazaritzan.