Gizartea -
Eraso islamofoboa
Fiskaltzak ez du uste Baionako meskitako erasoak kutsu terrorista duenik
Baionako fiskalak azaldu duenez, ustezko erasotzaileari (84 urteko militar ohi ultraeskuindar bat) azterketa psikiatrikoa egiten ari dira, erantzukizun penalak egotzi ahal zaizkion egiaztatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baionako Fiskaltzak ez du uste atzo Baionako meskitan izandako erasoak kutsu terrorista duenik. Hala ere, Terrorismoaren aurkako Parisko Fiskaltzarekin harremanetan dago, badaezpada.
Laurogeita lau urteko militar ohi ultraeskuindar bat zentro erlijiosoari su ematen saiatu zen atzo, eta aurre egin zioten bi pertsona larri zauritu zituen, tiroz.
Marc Mariee Baionako fiskalak prentsaurrekoan azaldu duenez, atxilotutako gizonari azterketa psikiatrikoa egiten ari dira, erantzukizun penalak egotzi ahal zaizkion egiaztatzeko.
Horren esanetan, gizonak esan du "Notre Dameko katedralaren suntsipena mendekatzeko" egin zuela erasoa, musulmanei egozten baitie, ikerketaren arabera katedrala suntsitu zuen sutea nahigabe piztutakoa izan bazen ere.
Poliziak militar ohiaren etxebizitza miatu zuen atzo, eta armak eta granadak atzeman zituen.