Gizartea -

Indarkeria matxista

22 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari eraso egitea egotzita

Gertaera 03:30 aldera jazo da, Olagibel kalean. Biktima, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute. Polizia-izapideak amaituta, atxilotua epailearen esku geratu da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 22 urteko gizon bat atxilotu du ostiral honetan Gasteizen, bikotekideari eraso egitea egotzita eta droga-trafikoa leporatuta. Izan ere, ustezko erasotzailea atxilotu duten unean 14 marihuana-poltsa eta 255 euro zeramatzan aldean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertaera 03:30 aldera jazo da, Olagibel kalean. Ordu horretan, Ertzaintzaren patruila bat gaztearengana hurbildu da, eta, ondoan, emakume baten poltsa bat aurkitu du. Ertzainei azaldu dienez, bikotekideak utzi du poltsa.

Gizonak, plastikozko poltsa hermetiko bat zeraman, barruan 14 marihuana-poltsa zituena. Gainera, 255 euro zeramatzan diru-zorroan. Arrazoi horregatik, droga-trafiko delitua leporatuta atxilotu dute.

Ertzainak polizia-ikerketak egiten ari zirela, poltsaren barruan zegoen telefono mugikor batek jo du. Deia egin duen emakumeak, bere gauzak berreskuratu nahi zituela esan du. Gainera, bikotekideak eraso egin diola jakinarazi die ertzainei.

Handik gutxira, biktima Olagibel kalera joan da, erasoaren berri eman dien udaltzainekin batera. Emakumeak, bikotekideak emandako kolpe batek eragindako lesioa zuen aurpegian.

Gauzak horrela, genero indarkeria delitua ere egotzi diote atxilotuari. Biktima, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute. Polizia-izapideak amaituta, atxilotua epailearen esku geratu da.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak