Publizitatea
Itxi

2019/11/05

20:06

Gizartea

KAZETARITZA

Jon Artano, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko finalisten artean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Finalistak ekitaldian izango dira eta orduan jakingo dute nortzuk izango diren sarituak.

  • Rikardo Arregi saria 2019

    Rikardo Arregi saria 2019. Artxiboko argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian zortzi finalista izango dira aurten, lehen aldiz. Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, 9.000 eurokoak: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta haien artetik saridunak nortzuk diren sari banaketa ekitaldian jakingo da, azaroaren 28an, Andoaingo Bastero Kulturgunean (Gipuzkoa).

Finalistak ere ekitaldian izango dira eta orduan jakingo dute nortzuk izango diren sarituak, Andoaingo Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Kazetaritza sariari dagokionez, hauek dira lau finalistak: Jon Artanoren 2019. urteko kronika eta elkarrizketak Amerikatik EiTBn; Ana Galarragaren 'Iraultza txikien lekukoak' atala Elhuyar aldizkarian; Miel Anjel Elustondoren 'Zozoen elean' elkarrizketa sorta Berrian; eta Kanaldudeko 'Hurbile/k' saioko 2019ko uda arteko atalak.

Komunikazio saria, berriz, hurrengo hauek dira finalistak: 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpaina; Ttap aldizkari digitalak 2019an sendotze bidean emandako pausoak; CodeSyntaxen 'Egunean behin' jokoa; eta Oier Aranzabalek Zuzeu aldizkarian argitaratzen duen 'Barruan gaude' podcasta.

Jose Inazio Basterretxea Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, Itxaro Borda idazle eta prentsa kolaboratzaileak, Aingeru Epaltza idazle eta hainbat hedabidetako kolaboratzaileak, Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasle eta komunikazio adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakasleak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle eta komunikazio adituak osatuko dute epaimahaia.

Azkenik, epaimahaiburua Mikel Arregi izango da, Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, eta idazkaria, berriz, Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena