Gizartea -
ABISUA
Ondarroako hainbat kaletan sufrea bota dutela ohartarazi dute
Txakurrek kalean pixa egin ez dezaten bota dutela uste dute udaltzainek, baina sufrea oso arriskutsua dela ohartarazi dute eta debekatuta dagoela kalean botatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ondarroako zenbait kaletan sufrea bota du norbaitek azken aldian, eta Ondarroako Udaltzaingoak oharra kaleratu du hori egitea debekatuta dagoela gogoraraziz. Izan ere, oso arriskutsua izan daiteke bai animalientzat bai pertsonentzat ere.
Ondarroako Udaltzaingoak uste du txakurrek kalean pixik egin ez dezaten ari direla sufrea botatzen, baina garbi utzi nahi izan dute ez dagoela zientifikoki frogatuta sufreak horretarako balio duenik. Aitzitik, frogatuta dagoela da animaliaren batek edo pertsonaren batek sufrea ukitu edo arnastuz gero, kalteak jasan ditzakeela.
Gauzak horrela, herritarrei eskatu diete lurrean edo zutaberen baten behealdean hauts horixka baten antzeko zerbait ikusiz gero, Udaltzaingoari abisatzeko (94 683 36 73).
Ondarroan txakurrak babesteko sortu den elkarte batek eitb.eus-i adierazi dionez, duela gutxienez urtebete detektatu zuten lehen aldiz sufrea herriko puntu batzuetan; gainera, ziurtatu dute Udalak ez duela kontuari heldu, azken hilabete horietan, orain egin duen arte.