Gizartea -
Gipuzkoa
Eraikin baten zati bat erori da Eibarren
Arragueta kalean jazo da, eta 40 bat bizilagun etxetik atera behar izan dituzte. Ez da inor zauritu.
eitb.eus
Eraikin bat erori da Eibarren (Gipuzkoa), baina ez da inor zauritu, Udaltzaingoak eitb.eus-i baieztatu dionez.
Arragueta kalean gertatu da, Eibarko eraikin zaharrenetako batean. Asteartean, 18:00ak aldera, aipatutako kaleko etxebizitza bateko sukaldea erori zen, eta hainbat bizilagun etxetik atera zituzten. Ordu batzuen buruan, berriz, sabaia guztiz erori zen.
Arragueta kaleko 11., 13., 15. eta 17. atarietako bizilagunak, 40 bat lagun guztira, atera dituzte etxetik. Udala lanean ari da kaltetutako bizilagunak kokatzeko.
Ikerketa abiatu dute zergatik erori den argitzeko, baina baliteke azken egunotako euriteek ere eraginik izan izana. Kalea itxi dute, eta itxita izango da bizpahiru egunetan, Udaltzaingoaren arabera.