Gizartea -
Gipuzkoa
Hoteletan birkokatu dituzte Eibarko 34 bizilagunak
Asteazken eguerdian erori zen Eibarko Arragueta kaleko 15. zenbakian dagoen eraikinaren zati bat, baina ez zen inor zauritu.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean Eibarren eraitsi zen etxebizitzatik atera dituzten 34 pertsonak eta aldameneko beste eraikin batekoak Eibarko eta Ermuko hoteletan kokatu dituzte "aldi baterako", Eibarko Udalak jakitera eman duenez.
Udalak eraikina eraisteari ekingo dio gaur bertan. Azken egunetako euriteek egurrezko egitura hondatzen lagundu omen dute, eta mende bat omen zeraman eraberritu gabe.
Asteazken eguerdian, 13:30 aldera, Eibarko Arragueta kaleko 15. zenbakian dagoen eraikinaren zati bat erori zenean, baina ez zuen biktimarik eragin, ordu batzuk lehenago hustu baitzuten, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Txakur-unitate talde bat bertaratu zen eta zauriturik ez zegoela egiaztatu zuten, horren arabera.
Eroritako eraikina bezperan hustu zuten, asteartean, Udaleko teknikariek erabaki hori hartzea gomendatzen zuten pitzadurak zituela egiaztatu ostean.
Horiez gain, Arragueta kaleko 17. zenbakiko bizilagunak ere atera zituzten etxetik, badaezpada.