Gizartea -
Osasuna
Nafarroak antibiotikoen kontsumoa % 9 murriztea lortu du
Europan 33.000 pertsona inguru hiltzen dira urtero bakterio iraunkorrek ospitaleetan sortutako infekzioengatik, eta 3.000 bat Espainian.
Agentzia | Erredakzioa
Lehen Arretan Antibiotikoen Erabilera Hobetzeko Programak kontsumoa % 9 murriztea lortu du Nafarroan, Foru Gobernuak egiaztatu duenez. Astelehen honetan Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Eguna ospatuko dute.
Foru Exekutiboak ohar batean jakitera eman duenez, Europan 33.000 pertsona inguru hiltzen dira urtero bakterio iraunkorrek ospitaleetan sortutako infekzioengatik, eta 3.000 bat Espainian.
Nafarroan, 2018an hasi ziren Antibiotikoen Erabilera Hobetzeko Programa ezartzen, Lehen Arretan. Gaur 41 zonaldetara zabaldu dute dagoeneko.
Antibiotikoen % 80-90 Lehen Arretan ematen dira, baina modu desegokian kasuen erdian. Programaren emaitzak "oso positiboak izan dira", antibiotikoen kontsumoa % 9 murriztea lortu baitu.
Europar Batasunak bultzatu du programa, eta Antibiotikoen Erresistentziaren aurkako Plan Nazionalaren parte da. Medikuek eurek trebatzeko eredu bat martxan jarri dute Nafarroan. Horrela, Lehen Arretako lantaldeetan barne aholkularitzak egin dituzte.
Era berean, prestakuntza saioak egin dituzte, mikrobiologo, familiako mediku eta Lehen Arretako botikarien lankidetzarekin, eta pazienteentzako diptikoak egin zituzten.
Javier Garjon Osasunbideko Ebaluazio buruzagiaren hitzetan, 2019ko urtarriletik irailera bitartean antibiotikoen kontsumoa % 9 murriztu zen, 2018ko epe berdinarekin alderatuta, eta amoxizilina-klabulanikoaren erabilera % 12.
Era berean, fluorkinolona (% 28), makrolido (% 18) eta zefalosporina (% 8) kontsumoak behera egin zuen. Penizilina (% 83) eta fosfomizina (% 4) kontsumoak, ostera, gora egin zuen.
Programaren helburuak antibiotikoen kontsumoa murriztea; amoxizilina-klabulaniko, fluorkinolona, makrolido eta zefalosporinaren erabilera mugatzea; eta faringoamigdalitiari eta gernu-infekzioei aurre egiteko penizilina eta fosfomizina lehenestea, hurrenez hurren.