Gizartea -
Auzitegi Gorena
Iruñeko enpresa bat zigortu dute webgune bat atari porno batera birbideratzeagatik
La Morea zentro medikoaren webgunea kopiatu eta atari berdina sortu zuten Albupoga Servicios de Salud y Formacion enpresako arduradunek, baina ".es" beharrean ".com" jarri zioten amaieran.
Agentzia | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak gidariei azterketa medikoak egiten dizkion Iruñeko enpresa bat zigortu du, konpetentziako konpainia baten izenarekin webgune bat sortu eta eduki pornografikoko beste atari batera birbideratzeagatik.
La Morea zentro medikoaren ohore eskubidea legez kontra urratu zutela ebatzi du Goreneko I. Aretoak. Honenbestez, Iruñeko Lehen Auzialdiko Epaitegiak hartutako erabakia berretsi du Gorenak.
Albupoga Servicios de Salud y Formacion enpresa eta Francisco Javier B.P. zigortu zituen epaitegiak. Era berean, 3.000 euroko kalte-ordaina ezarri zuen.
Epaitegiaren erabakia atzera bota zuen Nafarroako Auzitegiak, baina Gorenak ohorearen aurkako delitua izan zela ebatzi du orain.
La Morea zentro medikoaren webgunea kopiatu eta atari berdina sortu zuten Albupoga Servicios de Salud y Formacion enpresako arduradunek, baina ".es" beharrean ".com" jarri zioten amaieran, eta atari porno batera birbideratu zuten.
Auzitegiaren hitzetan, ekintza "iraingarria" da auzi-jartzailearentzat, "gizartearen aurrean mesedegarria ez den" jarduera batekin lotu baitzuten, "ezbairik gabe, asmo txarrarekin".
Horrek "auzi-jartzailearen eta bertako langileen irudi profesional eta sozialari kalte egin zion", Gorenak erantsi duenez.
Hala ere, erabiltzaile gutxi iritsi ziren webgunera, bilatzaileetan indexaturik zegoelako. Horrek kaltea murriztu zuen, baina ohore eskubidea legez kontra urratu zuten.