Gizartea -
Aztarna digitala
Seme-alabak interneten ikusgai jartzeko arriskuaz ohartarazi dute Gipuzkoan
Kanpainak 'sharenting'aren arriskuez ohartarazten du; izan ere, praktika hori "gero eta ohikoagoa" da gurasoen artean. Adingabeen argazkiak eta bideoak argitaratzean datza.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako kanpaina batek gurasoei ohartaraziko die seme-alabak Interneten ikusgai jartzeak dituen arriskuez. Horretarako, sare sozialetan irudiak eta bideoak erakutsiko dituzte, adingabearen haurtzarotik "aztarna digitala" sor dezaketenak.
Denis Itxaso Kultura eta Gazteriako foru diputatuak eta Elsa Fuente UNICEFek Euskadin duen koordinatzaileak kanpaina aurkeztu dute prentsaurreko batean. Bertan, gurasoentzako gomendioen dekalogo bat egiteaz gain, arrisku horiek prebenitzeko bideo bat egongo dela azaldu dute, eta, besteak beste, sare sozialen bidez zabalduko da.
Agerraldian, Itxasok kezka agertu du "egunetik egunera gero eta gehiago" gertatzen den fenomeno horrekin; izan ere, estatistiken arabera, herrialde aurreratu batzuetan, haurtxoen % 81ek Interneten presentzia du sei hilabete betetzean, eta bi urtetik beherakoen % 5ek gurasoek sortutako profil bat du sare sozialetan.
Horrela, bost urte betetzean, estatubatuar txiki batzuek mila argazki dituzte sarean, Itxasoren arabera; eta, material hori guztia benetako "identitate digital" bihurtzen dela esan du, adingabearen "kontrolik eta oniritzirik gabe".
Aplikazioen ikonoak eta sare sozialak. Argazkia: pexels.com
Hori dela eta, "sharenting" deiturikoaren arriskuez ohartarazi du; izan ere, praktika hori "gero eta ohikoagoa" da gurasoen artean: ekografiak, haurren lehen urratsak, urtebetetze jaiak, oporrak eta Internet bidez partekatu daitekeen beste edozein ekitaldi argitaratzea.
Adingabearen "gehiegizko esposizioak" gurasoek aurreikusi gabeko egoerak eragin ditzake, hala nola, ziberjazarpena, nortasunaren ordezkapena, datuen lapurreta edo "grooming"-a (adingabeen sexu-jazarpena Internet bidez).
Arrisku horiei aurrea hartzeko, "Nik ere badut zer esana!" leloarekin garatuko den foru kanpainak dekalogo bat dakar, gurasoei gogorarazten diena beren seme-alaben irudia, nortasuna eta intimitatea babesteko "betebeharra" dutela, bai eta haientzat "eredu" izateko "betebeharra" ere.
BIDEOA: Nik ere badut zer esana!