Gizartea -

Donostia

Txosten tekniko baten arabera, euriagatik gertatu zen Benta Berriko luizia

Satorralaia auzokide elkartearen ustez, ordea, Udalaren txosten horrek "ez du sinesgarritasunik", eta metroaren lanak hasi zirenetik "ur gehiago jaisten da mendi-hegaletik".

Donostiako Benta Berri auzoan izandako luizia. Argazkia: EiTB
Donostiako Benta Berri auzoan izandako luizia.
Atariko txostenaren arabera, euriteek eragin zuten Zarautz etorbideko luizia

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 19an Donostiako Benta Berri auzoko mendi-hegal batean izandako luizia azken asteetako "euriteek eragin zutela dirudi", Udaleko Hirigintza Saileko zerbitzu teknikoak egindako txostenaren arabera.

Dena dela, Donostiako Udalaren txosten tekniko horrek txosten geologiko bat egitea aholkatzen du, "gertatutakoa hobeto aztertzeko". Eneko Goia Donostiako alkateak eman zuen atzo txosten tekniko horren berri, Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordearen ezohiko bileran. Luiziaren ondorioz, Zarautz etorbideko 31 eta 33 zenbakietan bizi diren zazpi pertsona etxetik atera behar izan zituzten.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta eman zituen Goiak luizi horren inguruko azalpenak. Bi alderdi horien iritziz, ordea, metroaren lurpeko lanek eragin zuten lur-jausia, eta bizilagunen kexei jaramonik ez zietela egin salatu zuten.

Hirigintza arloko ingeniari batek azaroaren 20an sinatutako udal txostenak dio "batez ere azken bi asteetan izandako euriteen pilaketa" izan daitekeela horren arrazoia, mendi-hegaleko "hormaren beraren drainatze bideen balizko lohiz betetzearekin batera".

Alkateak azpimarratu duenez, udal zerbitzuek bizilagunei emandako erantzuna "eredugarria" izan da; izan ere, baliabide tekniko eta giza baliabideak eskaintzeaz gainera, mendi-hegalean segurtasuna indartzeaz arduratu dira, "luzi gehiago saihestuko dituen bihurritu hirukoitzeko sare bat jarriz".

Halaber, lur-jausia izan den mendi-hegala jabetza pribatukoa dela azaldu du Goiak, eta 1992tik Udalak behin baino gehiagotan hartu behar izan dituela neurriak hor. Hori dela eta, azaroaren 19an gertatu zena ez dela "ezohikoa izan" ziurtatu zuen alkateak.

Goiaren esanetan, txosten geologiko gehigarria Ikerlur enpresari eskatu diote dagoeneko, eta abendurako prest egotea espero du, "zergatiak zehaztasun handiagoz aztertzeko, baina, batez ere, hartu beharreko behin betiko konponbidea zehazteko".

Txostenak "ez du sinesgarritasunik", Satorralaiaren ustez

Bestalde, Satorralaia auzokide elkartearen arabera, alkateak aurkeztutako atariko txosten horrek "ez du sinesgarritasunik".

Satorralaiak ohar batean adierazi duenez, "metroaren obrak erorketa horren arrazoien artean daudela frogatu daiteke. Jakina denez, kaltetutako harresiak 100 urte baino gehiago ditu, eta Metroaren lanak egin diren arte ez da antzeko gorabeheraren berririk izan".

Gainera, metroaren lanak hasi zirenetik "lehen baino ur gehiago" jaisten dela mendi-hegaletik salatu dute bizilagunek, eta horrek, auzokide elkartearen ustez, adierazten du aipatutako lanek aldatu egin dituztela "jariatze naturalak, harresiaren gaineko uren bultzada areagotuz, hormak amore eman duen arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Eneko Goia Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Donostia Topoa Luiziak gaur