Gizartea -
Diana Quer auzia
Jose Enrique Abuin bahiketa eta hilketagatik zigortuko dute, baina ez bortxaketagatik
Herri-epaimahaiko bozeramaileak larunbat honetan irakurri du erabakia. Epaiketan zehar sexu-erasoa egiaztatzerik izan ez dutela ebatzi du zinpekoen epaimahaiak.
Agentzia | Erredakzioa
Jose Enrique Abuin Gey El Chicle errudun jo du herri-epaimahaiak aho batez. Diana Quer gaztearen bahiketa eta hilketa egotzi dizkio zinpekoen epaimahaiak, baita "zehaztu ezin izan dituzten sexu ekintzak" ere; baina bortxaketa frogatzerik izan ez dutela erantsi du.
Herri-epaimahaiko bozeramaileak larunbat honetan irakurri du erabakia. Epaiketan zehar sexu-erasoa egiaztatzerik izan ez dutela ebatzi du zinpekoen epaimahaiak.
Horrela gauzak, delitu hirukoitz baten errudun jo du epaimahaiak aho batez: legez kanpoko atxiloketa, zehaztu gabeko sexu-erasoa eta hilketa, beste ekintza kriminal bat ezkutatzeko helburuarekin; sexu-askatasunaren aurkako delitua, alegia.
Akusatuaren aitorpenek gertatutakoa argitzen lagundu dutela ebatzi dute zinpekoek, baina erabakigarriak izan ez direla gaineratu dute. Horregatik, aitorpenaren aringarria aplikatuko diote.
Era berean, indultuaren eta zigorra bertan behera uztearen aurka agertu dira aho batez.
Abuin Gey erruztatuen aulkian eseri da Compostelako epaitegietan. Ahozko epaiketa hamaika saio izan ditu. Ministerio Fiskalak eta akusazio partikularrak espetxe iraunkor berrikusgarria ezartzea eskatu zuten. Defentsak, aldiz, homizidio arduragabea edo nahitako homizidioa eskatu zuen.
Erabakiaren ostean, Cristina Margalet fiskalak zein Ricardo Perez Lama akusazio partikularreko abokatuak espetxe iraunkor berrikusgarriarekin zigortzea eskatu dute berriro. Fernanda Alvarez akusatuaren abokatua, ostera, zigor horren aurka agertu da. Gaur ere epaimahaiaren erabakia atzera botatzen saiatu da Alvarez, baina alferrik (atzo atzera bota zuten forma akatsengatik).