Gizartea -

Erreminta berria

Haur eta nerabeen kontrako indarkeria antzemateko tresna garatu du Jaurlaritzak

Ikerketa baten arabera, bost lagunetik batek sexu abusuak jasan ditu haurtzaroan, eta beste hainbestek, eskola jazarpena. Horren aurrean, hautemate goiztiarrak duen garrantzia azpimarratu dute.

4. LHtik 4. DBHra arteko bost ikasleetatik batek bullyinga pairatu du. Argazkia: Pexels
Gazte bat, bakarrik.
Tresna berri bat profesionalentzat haurren sexu abusuak antzemateko

1:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak haurrei eta nerabeei egindako indarkeriari buruzko txosten bat aurkeztu du gaur, eta arazo horri aurre egiteko hautemate goiztiarrak duen garrantziaren jakitun, kasuak identifikatzeko kontrol-tresna bat (screeninga) garatu du.

Txostena zein tresna berria prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, EDE Fundazioko (erakunde horrek egin du ikerketa) eta Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibaren (testaren sortzaileak) ordezkariak ondoan zituela.

Amilibiaren esanetan, "ez daude sexu-abusuaren jokabide-adierazle espezifiko eta bakarrak. Adierazleek beti erakusten digute umeak edo nerabeak zailtasunen bat duela, eta zein izan daitekeen identifikatzen lagun diezagukete. Tratu txar mota baten adierazleak ez dira espezifikoak, eta tratu txarraren zenbait modutan gerta daitezke edo beste arazo batekin egon daitezke lotuta. Behar horri erantzuteko, garrantzitsua iruditu zaigu adierazleen inguruan dakiguna hautatzeko eta antolatzeko lana egitea".

Hori horrela, 50 adierazle baliagarrienak hautatu eta programan sartu dituzte, "haurren sexu-abusuaren susmo oinarritua arakatzeko". Programa haurren eta nerabeen aurkako sexu abusuen gaineko susmoak izan ditzaketen profesionalei bideratuta dago, hots, hezkuntza, osasun edo gizarte zerbitzuetako langileei.

Testa internet bidez egin daiteke, eta hura erabiltzean, ez da zantzurik uzten eta, beraz, ez dago jakiterik tresna nork erabili duen, ez eta webgunean egiten den kontsultaren xede den ume edo nerabea nor den ere; izan ere, ez dira identifikazio pertsonaleko datuak erregistratzen, azpimarratu du sailburuordeak.

Adingabeek pairatzen duten indarkeria, zenbakitan

Kontrol-tresnaz gain, "Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeenganako indarkeriari buruzko azterlana"ren datuak xehatu ditu Amilibiak. Horren arabera,  iaz, egoitza-harreran, 800 adingabe inguru zeuden foru-zentroetan. 2017an, 18 urtetik beherako 1.150 adingabe inguruk jaso zuten arreta familia-topaguneetan, bi urte lehenago baino ia % 8 gehiago. Kalkulatzen da bost pertsonatik batek sexu-indarkeriaren motaren bat jasan duela, eta umeen aurkako indarkeria-kasuen % 10 baino gutxiago haurtzaroan edo nerabezaroan jakinarazten dela, alegia, indarkeria gertatzen denean.

Batez beste, legezko prozesuak hiru urtera arte luzatzen dira, eta umeek abusuak, salatu ondoren, 4 aldiz ere kontatzen dituzte. Familia batzuen beharrei ez zaie behar bezala erantzuten laguntzari dagokionez, egoera horiek haiengan eragin dezaketen inpaktu negatiboa arintzeko, kolektiboak jasaten duen kalteaz harago.

Amilibia, Canto y Lizarraga durante la presentación.

Amilibia, Ainara Canto (EDE) eta Rosa Lizarraga (Agintzari) adituekin batera, prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia

Lehen Hezkuntzako (LH) 4. maila eta DBHko 4. maila bitarteko bost ikasletik batek inguruk aitortu du sarritan eskola jazarpena pairatu duela; tasa horrek gora egin du azken urteotan. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako ikasleen % 13k ciberbullying motaren bat jasan dute berdinen aldetik, azken urtean zehar; tasa horrek ia bi puntu egin du gora, lau urte lehenago eginiko kontsultaren aldean.

Horrez gain, DBH egiten ari diren eskola-ikasleen % 32k onartu dute ikaskide batzuek sexu-orientazioagatik edo neska edo mutila izateagatik eginiko bazterketa-kasuen lekuko izan dela eskola-eremuan. Desgaitasuna indarkeria jasateko arrisku-faktore garrantzitsua da, eta pertsona batzuek zailtasun erantsiak izan ditzakete jasaten dituzten indarkeria-egoerak identifikatu eta salatzeko.

Era berean, 16 urteko edo gehiagoko emakumeen % 10 inguruk euren bizitzaren uneren batean bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik indarkeria fisikoa jasan dute, eta hura jasan duten eta seme-alabak dituzten 10 emakumetatik 6k baieztatzen du seme-alabek indarkeria-egoeraren bat ikusi edo entzun dutela. Datuek agerian utzi dute inoiz bikotekidea izan duten 16 eta 19 urte bitarteko emakumeen artean bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetiko kontroleko indarkeria psikologikoaren intzidentzia edozein adinetako emakumeen batez bestekoa (% 9) baino askoz ere handiagoa dela (% 25).

Kalkuluen arabera, emakumeen genitalen mutilazioaren inguruko identitate-errotze sendoa duten herrialdeetatik datozen 15 urtetik beherako 1.500 neskato inguru bizi dira EAEn. Seme-alabek gurasoei eragindako indarkeria-kasuak ere dira kezkagarriak eta, kasu horien barruan, gorantz doazen bi errealitate nabarmendu behar dira: familia migratzaileen familia-birbatzeak eta hazkuntzan eta, batik bat, nerabezaroaren etapan, portaera oso erasokorrekin eta ustezko lotura-apurketekin gainezka eginda sentitzen diren familia adoptatzaileak. Azkenik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen behar batzuei ez zaie behar bezala erantzuten; izan ere, ez dago baliabide soziosanitario espezializatu nahikorik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bullyinga Umeak Sexu erasoak