Gizartea -

M-15 mugimenduaren eskaera

Gardentasuna bultzatzeko konpromisoa hartu du Kongresuak aho batez

ERC alderdiaren ekimena izan da. Alderdi guztien adostasuna goraipatu du ERCk. M-15 mugimenduaren zenbait eskakizun kontuan hartzen ditu ekimenak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Informazio publikoaren lege-proiektua Ganberara ahalik eta azkarren eramatea eskatu dio Gobernuari Kongresuak aho batez. Era berean, erakundeen kontrola eta gardentasuna bultzatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute alderdiek, M-15 mugimenduak eskatu bezala.

Alderdien finantziazioaren inguruko legediaren erreforma ahalik eta azkarren martxan jarriko duela agindu du Ganberak. Erreforma apirilean aintzat hartu zen eta, besteak beste, dohaintzetako gardentasuna eta diru publikoarekin lagundutako fundazio edo elkarteen dohaintzak debekatzea eskatzen zuen.

ERCren ekimena izan da eta Joan Ridao alderdiko bozeramailea lortutako adostasunagatik zoriondu da. Izan ere, alderdi guztiek testua babestu dute, M-15 mugimenduko zenbait eskaera entzunez, horien artean, demokrazia gardenago eta partehartzaileago bat eskatzea.

"Orain sekula baino politika gehiago behar da, Parlamentuak kritikak entzun behar ditu, ez dago ezer txarrik horretan", adierazi du Ridaok.

Roucoren adierazpen polemikoak

Bestalde, "ohitura kristauen ahanzturak gazteak kolpatzen ditu gehienbat, Puerta del Soleko M-15 mugimenduarekin ikusten ari garen bezala", adierazi du gaur Antonio Maria Rouco Varela Gotzain-batzarreko presidenteak eukaristian.

Madrileko artzapezpikuak M-15 mugimenduari eraso egiten dio aurreneko aldia ez da. Gazteen arazoak ez daude egoera politikoarekin eta ekonomikoarekin lotuta soilik, "euren bihotzarekin eta arimarekin baizik", esan zuen iragan hilabetean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea