Politika -

Liskarren ostean

Diputatuak Kataluniako Parlamentutik atera dira 'suminduak' saihestuz

Bartzelonako Ciutadellako parkean, egunean zehar, jazo diren istiluetan 45 lagun arin zauritu dira eta mossoek sei pertsona atxilotu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuak eta Kataluniako Gobernuko kideak Parlamentutik atera dira arratsaldeko azken orduan, osoko bilkura amaitu ostean. Ciutadellako parkearen sarreran bildu diren ''suminduak'' saihestu dituzte diputatuek mossoen laguntzarekin.

Artur Mas Generalitateko presidentea eta Kataluniako Gobernuko kideak auto ofizialetan atera dira Ciutadellako parketik, Frantziako geltokitik.

Hala ere, diputatu gehienek oinez alde egin dute Ciutadellako parketik, Pujadeseko pasealekutik. Izan ere, mossoek segurtasun dispositibo zorrotza ezarri eta kalea itxi dute, 200 ''suminduak'' parlamentariengandik urruntzeko.

Goizean, Bartzelonako Ciutadellako parkean jazo diren istiluetan 45 lagun arin zauritu dira, ''suminduak'' diputatuen sarrera ekiditen saiatu direnean.

Bi taldetan banandurik

''Suminduak'' banandu dira arratsaldean, Ciutadellako parkearen sarrera eta Wellington kalea utzi ostean. Manifestarien talde bat parkearen sarrerara itzuli da, baina Lluis Companys pasealekuan dagoen sarrerara. Bien bitartean, beste ''sumindu'' talde batek eserialdia egin du Sant Jaume plazan.

Nahiz eta Wellington kalean bat-batean egindako batzarrean Sant Jaume plazan protestarekin jarraitzea erabaki, 500 bat manifestari bildu dira berriro Ciutadellako parkearen sarreran, Lluis Companys pasealekuan.

"Baketsuak" direla aldarrikatu eta dantzan egin dute gazteek indarkeria gaitzesteko, baina mossoen ekintzaren kontrako oihuak bota dituzte.

Sant Jaume plazara joan den taldeak Kataluniako Gobernuaren egoitzara eramaten duen bidea Artur Mas presidentearen eta Felip Puig Barne kontseilariaren dimisioa eskatuz bete du. Era berean, "beldurra galdu dugu" leloa errepikatu dute.

Beste hainbat gazte haien zain zeuden plazara heldu direnean eta eserialdi bat egin dute. Bertan, milaka lagunek parte hartu dute eta "Polizia gutxiago eta hezkuntza gehiago" bezalako oihuak izan dira entzungai. Gainera, Luis Llach abeslariaren L''estaca kanta abestu dute.

Halaber, Wellington kalean izandako istiluen ondorioz Mossoek arratsaldean atxilotutako sei lagun aske uztea eskatu dute. Atxilotutakoen omenenz, minutu bateko isilunea egin dute.

Mas

"Ulerkor jokatzeko" eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako herritarrei, "diputatuen segurtasuna babesteko" Kataluniako Parlamentuaren aurrean bildu diren "suminduen" talde baten aurka "indarra zilegiki" erabili behar izatekotan. Honen esanetan, goizean istiluek eragin dutenek "muga gainditu dute eta duintasunik gabe aritu dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea