Gizartea -

Eibar

Bost urteko kartzela-zigorra eskatu dute Enrich eta Luna futbolarien aurka

Duela hiru urte zabaldu zuten bideo sexualarengatik eskatzen dute zigor hori. Bideoan agertzen den emakumeak ez zuen grabatzeko eta zabaltzeko baimenik eman, eta salaketa jarri zien.

Luna eta Enrich. Argazkia: Efe
Luna eta Enrich. Argazkia: Efe
Luna eta Enrich. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost urteko kartzela zigorra eskatu dute Sergi Enrich Eibarreko futbolariaren eta bere taldekidea zen Antonio Lunaren aurka, emakume batekin grabatu zuten bideo sexuala emakumearen baimenik gabe grabatzeagatik eta zabaltzeagatik.

Efe albiste-agentziak auziko iturriak aipatuta jakinarazi duenez, Ministerio Publikoak Eddy Silvestre Eibarko jokalari ohiarentzat bi urteko espetxealdia eskatu du, beste auzipetuengandik bideoa jaso ostean zabaltzeagatik. Akusazio partikularrak, berriz, hiru urteko zigorra eskatzen du.

Akusazioek bi delitu jokabide atzeman dituzte: biktimaren baimenik gabe bideoa grabatzea, eta bideoaren zabalkundea.

Sergi Enrichi eta Antonio Lunari bi delituak leporatzen dizkiete; Silvestreri, ordea, bigarrena bakarrik.

Espetxe-zigor eskaerez gain, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak kalte-ordaina eskatzen dute biktimarentzat sufritutako kalte moralagatik.

Bideoan Enrich eta Luna ageri dira emakume batekin sexu-harremanak izaten. Emakumeak ez grabatzeko eskatzen die bideoa hartzen ari direla ohartzen denean. Bideoa biral egin zen sare sozialetan 2016ko urrian.

Horren aurrean, biktimak salaketa jarri zuen, eta Enrich eta Luna furbolariek barkamena eskatu zuten gertatutakoagatik.

Orain, defentsak 10 eguneko epea du defentsa idatziak aurkezteko. Epaiketa Donostiako Zigor Auzitegian izango dela espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Delituak Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa SD Eibar