Gizartea -
Iruñea
Jakako autobideko zati berri bat irekiko dute gaur
Jaka eta Iruñea arteko A-21 errepideko tarte berriak sei kilometro ditu, eta dagoeneko 30 kilometro baino gehiago ditu zerbitzuan Aragoi aldean.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur, osteguna, Jaka eta Iruñea lotzen dituen Pirinioetako autobiako (A-21) Santa Cilia eta Puente la Reina de Jaca arteko zatia irekiko dute, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Jaka eta Iruñea arteko A-21 errepideko tarte horrek sei kilometro ditu, eta dagoeneko 30 kilometro baino gehiago ditu zerbitzuan Aragoi parean.
Hala, A-21 autobia, A-23 (Jaka-Huesca) eta A-22 (Huesca-Lleida) autobiekin batera, Ebroko ibarraren alternatiba izango da Kantauri itsasoko ertza eta Katalunia lotzeko.
Obra horien aurrekontua 37,9 milioi eurokoa zen hasieran, baina horri desjabetzeen eta obrei lotutako laguntza teknikoen kostua gehitu behar zaio. Ondorioz, 43 milioi euroko inbertsioa egin da guztira.
Santa Cilia eta Puente la Reina de Jaca arteko A-21eko tarte horri, aurten Huescan martxan jarritako korridore horretako beste tarte hauek gehitu behar zaizkio: Congosto de Isuela-Arguis eta Alto de Monrepos-Caldearenas-Lanave, A-23ean, eta Jaka-Santa Cilia, A-21ean bertan.