Gizartea -
Gipuzkoa
Sei pertsona ospitalera eraman dituzte Donostian piztutako sute baten ondorioz
Horietako batek erredurak izan ditu esku batean, eta beste bostak kea arnasteagatik intoxikatu dira. Sutea atzo arratsaldean piztu zen Mundaiz kaleko 10. zenbakian.
Agentziak | Erredakzioa
Sei pertsona erietxera eraman behar izan zituzten atzo arratsaldean Donostiako eraikin batean piztutako sute baten ondorioz, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman dutenez. Ospitaleratutako bat erredurengatik artatu zuten, eta beste bostak, kea arnasteagatik.
Sutea 18:00ak aldera piztu zen Mundaiz kaleko 10. zenbakiko bigarren solairuan. Duela hilabete beste sute bat izan zen ondoko eraikin batean.
Hainbat pertsona eraikineko leihoetatik atera behar izan zituzten. Horietako batek erredurak zituen eskuetako batean, eta beste bost ondoezik sentitu ziren kea arnasteagatik. Hala, seiak ospitalera eraman behar izan zituzten.
20:00etan amatatu zuten sutea suhiltzaileek. Gizarte zerbitzuek bizilagun bati ostatu eman behar izan zioten.
Ostiral honetan, sutea piztu zen lokaletako jabeek etxebizitzara itzuli dira, suhiltzaileek "arriskurik ez" dagoela ziurtatu ostean, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Oraingoz, eraikinean piztutako sutea zerk eragin duen ikertzen jarraitzen dute; izan ere, "Ke eta kedar usaina" dago oraindik, eta "ateren batean kalte materialen bat" dago. Gainera, sua piztu zen lokala kiskalita geratu da. Iturri berdinen arabera, bikote batek hotel batean jarraitzen du.