Gizartea -
Fun & Serious Game Festival
"Star Wars Jedi: Fallen Order" izan da urteko bideo-jokorik onena
Bideo-jokoa "Star Wars" film sagan oinarrituta dago eta urteko bideo-joko onenaren saria irabazi du BECen egin den Fun & Serious jaialdian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Star Wars" film sagan oinarritutako "Star Wars Jedi: Fallen Order" bideo-jokoa urteko onena hautatu dute BECen egindako Fun & Serious jaialdian. Europan egiten den mota horretako jaialdi garrantzitsuena da.
Urteko bideo-joko onenaren sariaz gain, Electronic Artsek argitaratzen duen Raspawn Entertaimenten ekoizpenak joko diseinu onenaren saria eta abentura joko onenaren saria ere irabazi ditu, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
"Death Strading" bideo-jokoarentzat ere jardunaldi ederra izan da. Hideo Kojima japoniarrak sortutako distopiak bi sari jaso ditu: diseinu narratibo onenarena eta soinu banda onenarena (Ludvig Forsellek konposatu du).
Sevilla inkisitorial batean oinarrituta dagoen "Blasphemous" bideo-joko espainiarrak ere bi sari jaso ditu: Espainiako sorkuntza onena eta joko independente onena.
Zuzendaritza artistiko onenaren saria, berriz, Nomada Studioren "Gris" jokoarentzat izan da. Epaileek Conrad Roset akuarelistaren lana azpimarratu dute.
Jaialdian aurkeztu diren akzio bideo-joko onenaren eta urteko kirol bideo-joko onenaren sariak "Gears 5" eta "NBA 2K20" jokoek irabazi dituzte, hurrenez hurren. Gainera, "Luigi’s Mansion" izan da Familia/Sozial sailean saria jaso duena.
Serious Game saria "200 y +" bideo-jokoarentzat izan da. Joko horretan protagonistak Pradoko museoan hasten du bere bidaia, hainbat garaitako emakume artistak bisitatzen eta haien ondareari balioa ematen.
Claudio Serrano bikoizketa aktoreak ere jaso du saria. Gaztelaniazko ekoizpenetan Batmanen ahotsa denak gaztelaniazko interpretazio onenaren saria irabazi du Deacon St Johni "Days Gone" bideo-jokoan ahotsa jartzeagatik. Euskal bideo-joko onenaren saria "The Longest Road on Earth"ek irabazi du.