Gizartea -
Iruña
Paris 365 jantoki soziala, otsailean ixteko arriskuan
Urtarrila amaierarako 100.000 euroko aparteko diru-laguntza jaso ezean, itxi egin beharko dute, ezingo baitiete fundazioaren gastu finkoei aurre egin.
agentziak | erredakzioa
Paris 365 Iruñeko jantoki soziala ixteko arriskuan dago elikadura programa osoa "egoera delikatuan" dagoelako. Izan ere, jantokiaz gain, despentsa eta zopa beroa ekimena ere arriskuan daude, nahiz eta geroz eta pertsona gehiago izan erabiltzaileak.
Horren berri eman dute gaur Patxi Lasa Gizakia Herritar/Paris 365 Fundazioaren presidenteak eta Sofia Anton Paris 365en elikadura baliabideen arduradunak, irailaren 30ean 67.000 euroko galerak zituztela ere jakinarazi duten prentsaurrekoan.
Lasaren esanetan, zor horren ondorioz, urtarrila amaierarako ez badute 100.000 euroko aparteko diru-laguntza jasotzen, ezingo diete fundazioaren gastuei aurre egin 2020ko otsailetik aurrera.
Egoera horretara zergatik iritsi diren galdetuta, Lasak esan du behera egin dutela enpresen eta norbanakoen dohaintzek, eta fundazioak azken deialdietan lortu dituen diru-sarrerak ere murriztu egin direla.
Testuinguru horretan, patronatuaren azken bileran erabaki zuten lehentasuna elikadura baliabideei eustea zela (jantokia, despentsa eta zopa beroa), gaur egun 600 pertsonari, tartean 240 adingaberi, ematen baitie zerbitzua.
Era berean, administrazio eta zuzendaritzan langile eta erdi kentzea, "Catering Paris 365" bertan behera uztea, Garabato komunitatea ixtea 2020ko apirilerako aurrekontua lortzen ez badu, eta janaria jantokiaren sukaldeetan prestatzen hastea erabaki dute. Etxebizitzen egitasmoa ere itxi egingo dute pixkanaka.
Neurri horiekin, jardunaldi osoko sei langile eta erdiko langile bat kaleratuko dituzte, eta 130.000 euro gutxiagoko aurrekontua izango dute soldatetarako, eta 35.000 gutxiago beste gastuetarako.