Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Ekainean hasiko da Ellacuria jesuitaren hiltzaileen aurkako epaiketa

Inocente Montano El Salvadorreko koronel eta Defentsa ministrorde ohia epaituko dute, besteak beste, bost jesuiten hilketagatik.

El Salvadorren hildako jesuiten aldeko murala. Argazkia: WIkipedia
El Salvadorren hildako jesuiten aldeko murala. Argazkia: WIkipedia
El Salvadorren hildako jesuiten aldeko murala. Argazkia: WIkipedia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak ekainaren 8tik uztailaren 16ra epaituko du Inocente Montano El Salvadorreko koronel eta Defentsa ministrorde ohia, duela 30 urte El Salvadorren bost jesuitaren hilketa "erabakitzea, diseinatzea eta exekutatzea" leporatuta, tartean Ignacio Ellacuria euskal herritarrarena.

Epaiketa Madrilen izango da, hamar saiotan banatuta, epaitegiko iturrietatik jakinarazi dutenez.

Auzi saioak gertu daudela eta, Auzitegi Nazionalak bi urte luzatu zuen militar ohiaren behin behineko espetxealdia.

Montano da Espainiako Justiziaren aurrean erantzungo duen El Salvadorreko lehenengo militar ohia, eta Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du bost hilketa terrorista egotzita.

Bere ondoan eseriko da akusatuen aulkitxoan Rene Yusshy Mendoza, Capitan General Geraro Barrios eskola militarreko teniente izan zena eta hilketak gauzatu zituen Atlacatl batailoiko kidea.

Fiskaltzaren arabera, biek parte hartu zuten, 1989ko azaroaren 16an, hilketen "erabakian, diseinuan eta exekuzioan".

Igancio Ellacuria Ertamerikako Unibertsitatearen errektorea zen, eta Liberazioaren Teologiaren ideologoetako bat.

Espainiako Justiziak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorreko agintariek ez zieten estradizio aginduei jaramonik egin.

Montano AEBetan egon zen preso bi urtez, 2017ko azaroaren 29an Espainiaren esku utzi aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Nazioartea Justizia Unibertsala gaur Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Eskubide unibertsalak Krimenak azken ordukoa Ellacuriaren hilketa argitzeko epaiketa